Skip to main content
EU
Kluba

Zailtasuna eta errorea kudeatzeko garrantziaz mahai-ingurua Ipuruan

Kirol eta enpresa munduko adituek hartu dute parte hitzaldian

Kirol eta enpresa munduko adituek zailtasuna eta errorea kudeatzeko garrantziaren gainean mahai-ingurua eskaini dute gaur Ipuruako Formakuntza Geletan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako kanpainaren barne dago ekimen hau, SD Eibar Fundazioaren, Eibarko Udalaren eta Debegesaren kolaborazioarekin, eta Kirolgi, Orain Kirola eta Adegiren laguntzarekin.

2016ko Rioko Joko Olinpikoetan aritutako Markel Alberdi igerilariak arrakasta kudeatzeko garrantzia azpimarratu du, “bestela, errorea handiagoa izango delako”, baina bere iritziz, “berebizikoa da zailtasuna eta errorea kudeatzea, zailtasun asko izango dituzulako eta akats asko egingo dituzulako”. “Hortik irteten eta egoera iraultzen jakin behar da, bestela geratu egiten zara eta ez dituzu zure helburuak lortuko”.

Londreseko 2012ko Joko Paralinpikoetan lehiatu zen Ander Romarate igerilari eibartarrak, bere aldetik, “kirolean zein arlo gehienetan, gauza onez bakarri hitz egiten da” eta “kirolean, sarritan, helburu bat lortzeko, hain onak ez diren eta kontatzen ez diren gauza asko dago”. “Ezjakintasun asko dago eta jendeari ondo datorkio kirolari edo pertsona arrunten bizitzan gertatzen diren egoerak entzutea”.

Fran Garagarza SD Eibarreko Kirol Zuzendariak azpimarratu du Klubaren helburua “gora heltzen ez diren jokalariek euren bizitza lagunduko dien balioen formakuntza jasotzea” dela. “Kirolak balioetan hezitzen du, eta errendimenduaz haratago dauden balioei garrantzia ematen dien mezuak eskaintzea da egunerokoan lan egin behar dugun helburua”.

Manu Egaña Grupo Kiroleko pertsona eta antolakuntza zuzendariak adierazi duenez, enpresa munduan beharrezkoa da “momentu onenetan zarena baino gehiago ez sinesteko haina sendotasun edukitzea, ahultasun handiko momentuak ebaztea eta aurrera jarraitzeko indar hori bilatzea”. “Hori da enpresa-proiektu eta bizitzako edozein proiekturen zailtasunaren kudeaketaren gakoetako bat”.

Bertan bildu den publikoak bere esperientziak elkar banatzeko eta hizlariei galderak egiteko aukera izan du.