Skip to main content
EU

Yerai Martin: "Argi dugu norantz joan nahi dugun; horretarako solidoak izan behar gara defentsan"

Armaginen entrenatzaileak ikusleak animatu ditu partida guztietara joan daitezen

Yerai Martin entrenatzaileak biharko partidari begira emandako prentsaurrekoan adierazi duenez, “animikoki pozik eta ondo gaude, Granadako garaipenak oso puntu garrantzitsuak lortzea ekarri duelako”. Fisikoki, aldiz, partidu askoren aurrean daudela gogorarazi du eta zentzu horretan taldea nola dagoen biharko partidan ikusiko dela. 

Oso ondo dabilen aurkariaren aurrean minutuen kudeaketa garrantzitsua izango dela azaldu du ere. Hasteko, biharko hamaikakoan aldaketa txikiren bat ziur asko egongo dela: “Jokalari guztiak garrantzitsuak dira eta honelako asteetan garrantzi handiagoa hartzen dute”.

Jokatu duten azkeneko partidaren harira, defentsaren lana nabarmendu du Yerai Martinek: "Iaz gol gutxi jaso genituen eta horrek eman digu lehenengo mailan egotea. Argi daukagu nundik gatozen eta norantz jarraitu nahi dugun bidea egiten: lehenengoa, defentsiboki taldea solidoa egotea da. Granadan bi golak baloi geldian egin genituen, eta horrek indarra eman behar digu jarraitzeko".

Bide batez, jarraitzaileei eskatu die ez etortzeko soilik partida handietan, beraien indarra garrantzitsua delako edozein taldea aurrean izanda: “Aurrekoan Los Cármenesen asko nabaritzen zen jarraitzaileen indarra eta lortu behar dugu gure zaletuak Ipuruan ere nabarmentzea”, gainera lehenengo mailan egoteak nazioarteko jokalari asko eta maila handiko taldeak ekarriko ditu Eibarrera eta horretarako armaginen babesa beharrezkoa ikusten du.

 

PRENTSAURREKO OSOA