Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Simoni Verdik Eibar utzi du, minutu bila

Simone Verdik agur esan dio gaur Eibarri, berak horrela eskatuta, talde armaginean azken hilabeteotan jokatu dituenak baino minutu gehiago jokatzeko helburuarekin.

Verdi Milan futbol taldeak utzita iritsi zen Eibarrera. Orotara, bederatzi partida jokatu ditu Ligan (horietatik hiru titular moduan) eta lau Kopan (lauretan titular). Ponferradinaren aurkako Kopa kanporaketako itzulerako partiduan taldeak egindako lau goletatik bat berak egin zuen. Horri esker armaginek 4-0 kanporaketa iraultzea lortu zuten, nahiz eta joaneko neurketan 3-0 galdu.

Verdik hurrengo mezua helarazi nahi izan du bere agurrean:

«Eibarri agur esateko momentuan, eskerrak eman nahi dizkiot klubari, bereziki nire taldekideei eta talde teknikoari, bai eman didaten laguntzagatik bai erakutsi didaten adiskidetasunagatik.

Era berean, zaleei nire esker ona adierazi nahi diet hilabeteotan emandako laguntzagatik eta maitasunagatik. Hunkigarria izan da niretzat Ipuruan jokatzea eta bizitza osorako oroitzapen paregabea eramaten dut.

Oso zaila izan da erabaki hau hartzea, baina momentu honetan minutuak behar ditut eta hori da taldea uzteko arrazoia.

Eibarrek arazorik gabe Lehen Mailari eustea espero eta nahi dut, eta baita lorpen handiagoak erdiestea ere.

Agur hau gero arte bat baino ez izatea ere espero dut, etorkizunean gure bideak berriro lot daitezen.

Besarkada handi bat guztientzat».