Skip to main content
EU
Kluba

SD Eibarrek akordio printzipioa lortu du Enrichen kontratua luzatzeko

Valenciarekin Yoel erosteko negoziatzen dagoela aurreratu du prentsaurrekoan Fran Garagarzak

Fran Garagarza SD Eibarreko Kirol Zuzendaria prentsaurrean azaldu da gaur, behin neguko merkatua amaitu dela, balantzea egiteko. Klubak eta Sergi Enrichek bere kontratua luzatzeko akordio printzipioa lortu dutela aurreratu du, eta talde armaginean utzita ari den Yoel fitxatzeko negoziaketan ari direla atezainaren eskubideak dituen Valencia CF-rekin.

2018ko ekainera arte kontratua duen Dani Garcia kapitainaren inguruan, kontratua berritzeko eskaintza luzatu zaiola azaldu du, baina jokalariak erantzun negatiboa eman duela, oraindik kontraeskaintzarik eskaini gabe. “Kapitaina da, etxekoa, eta hasieratik hemen dagoen norbait, beraz, errespetu osoa merezi du. Ez dago larrialdirik, 2018ra arte kontratua duelako. Kontratua luzatzea garrantzitsua da, baina bere aldetik gauzak geldirik egotea errespetatzen dut. Denborak esango du pausuak eman behar ditugun edo ez”.

Fulham talde ingelesak Enrich fitxatzeko zuen interesaren gainean, Jokalariaren klausularen azpiko diru kopuru batengatik Enrich saltzeko eskaintza jaso zuen Eibarrek igandean posta elektronikoz, eta erantzuna negatiboa izan zen. Hurrengo egunean, talde ingelesak jokalariaren klausula hainbat epetan ordaintzeko eskaintza egin zuen eta, jokalariaren eta Kontseiluko Kirol Komisioaren arteko hizketaldiaren ostean, erantzuna negatiboa izan zen.

 “Bere kontratua luzatu eta handitzeko lan egiteko aprobetxatu dugu, eta atzo gauean akordio batera iritsi ginen bere kontratua beste urtebetez luzatzeko (2019era arte), ematen zaion kantitate ekonomikoa igoz eta klausula handiagoa ipiniz”.

Garagarzaren iritziz, Enrichek errendimendua eskaintzen du, ia ez da lesionatzen, taldearen alde egiten du taldea norberaren gainetik ipiniz, entrenatzailearen bermea dauka eta zaletuen babesa.

Yoelen inguruan azaldu du Eibarrek atezaina erosteko lehentasuna daukala eta horretan diharduela Valenciarekin. Kantitatea negoziatzen ari da hurrengo bi denboraldietan jokalari armagina izan dadin.

Adrian Gonzalezen gainean azaldu du bere jarraipena jokalariaren esku dagoela. Izan ere, hainbat partidu jokatuz gero modu automatikoan 2018ra arte berrituko litzaioke kontratua, baina joatea erabaki dezake. Momentuz, gaur egungo kontratua hobetu zaio.

Urte honetako ekainean kontratua amaitzen duen Antonio Lunak bi denboraldiz kontratua berritzeko eskaintza dauka mahai gainean, “eta bere kontraeskaintza oso indartsua da”, adierazi du Garagarzak. “Urrun gaude orain bertan eta pausoak emateko lanean gabiltza. Oso jokalari baloratua da, adin onean dagoena, errendimendu altua ematen ari dena eta azken aldian lesioek errespetatzen dutena. Merkatua dauka eta bere kontratuaren berritzea gauzatzea erronka da. Ez dugu dirua xahutuko, gauzak ondo neurtu behar dira”.

Ekainean kontratua amaitzen duen Jose Luis Mendilibarren jarraipenaren gainean, “ezer ez dago hitz eginda”, adierazi du Garagarzak. “Lanari jarraipena ematean zentratuta gaude. Puntuek marjina handia ematen digute eta salbatzeko helburutik hurbil gaude, baina jarraitu egin behar dugu. Taldea fidagarria da eta orekatuta dago. Hori da egunerokotasunean bete behar gaituena”.

Ez du ekainean amaitzen den bere kontratuaz berba egin izan nahi. “Nitaz gero eta gutxiago hitz egin, denontzat hobe. Ni zoragarri nago hemen eta egunero gozatzen dut. Gauzak ondo egiten saiatzen naiz”.

Utzita dauden jokalarien gainean, Lugon Jordi Calavera denboraldi “zoragarria” egiten ari dela adierazi du. “Oso pozik daude berarekin eta hemen jokatzeko aukera handiekin ikusten dugu”.

Alcorconen utzita dagoen Unai Elgezabalek 1.323 minutu jokatu ditu ”eta ematen ari den pausuak oso onak dira”. Azkenik, Pere Millak ez du UCAM Murciatik irten nahi izan, nahiz eta ez duen minutu askorik jokatu. “Bera pozik dago eta jokatuko duela uste du. Bere postura errespetatu dugu eta han geratuko da”.

Hirugarren Mailako IV. Taldeko liderra den CD Vitoria SD Eibarren bigarren taldeari buruz “oso pozik gaude”, adierazi du. “Helburua mailaz igotzea da eta horren aldeko apustua egin dugu. Hori lortzen gogor saiatu behar gara eta horregatik egin ditugu hainbat mugimendu neguko merkatuan”. Izan ere, Oscar Conde aurrelaria eta Jorge Lopez fitxatu ditu.