Skip to main content
EU
Kluba

SD Eibar eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Ipurua Tallarra proiektuaren inguruko elkarlana aztertu dute

Aldun Nagusiak Klubaren presidentea jaso du gaur Foru Jauregian, Eibarrek ekonomia gipuzkoarrean duen inpaktua eta Ipurua Tallarra proiektuan erakundeek izango duten inplikazioa aztertzeko asmoz.

Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eibar Kirol Elkartea Donostian bildu dira gaur, Foru Jauregian, bi erakundeen arteko harremana estutu eta etorkizuneko erronkak finkatzeko asmoz. Foru Aldundiaren ordezkariak Markel Olano, Aldun Nagusia, eta Denis Itxaso, Kultura, Turismoa, Gazteria eta Kirolen Foru Zinegotzia izan dira. SD Eibarren aldetik berriz, Alex Aranzabal, Presidentea, eta Jon Arregi, Fundazioaren Arduraduna, izan dira bertan.

Bileran, SD Eibarrek gipuzkoar ekonomian duen inpaktu positiboa aztertu da, enpresa gisa eta hiriko zein eskualdeko motor ekonomiko moduan, Foru Aldundiari egiten dion zerga ordainketa garrantzitsua, lanpostuen sorrera eta aberastasuna, Lehen Mailan jokatzeari esker.

Klubaren Presidentea den Alex Aranzabalek, Foru Aldundiak Ipurua Tallarra proiektuan parte hartzearen beharra luzatu die honen ordezkariei, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin batera. Honela, denboraldi honetan Ekialdeko Tribunaren eraikitzea martxan jartzea posible izango litzateke. Probintziarentzat Ipurua Tallarrak duen garrantzia azaldu dute Klubaren ordezkariek, Eibar Lehen Mailan finkatzeaz gain proiektu sozial eta berritzailea izango dena, espainiar Ligan bakarra. Datorren hilean hasiko dira lehenengo kurtsoak Ipar Tribunako ikasgeletan, SD Eibarrek berak finantzatua izan dena.

Bilera hau, Klubak erakunde ezberdinekin lortu nahi duen lankidetzaren inguruan sortutako agendaren barruan kokatzen da, 2014-2015 denboraldian zehar izan diren bilerei jarraipena emanez.