Skip to main content
EU
Kluba

2015-2017 Plan Estrategikoa eztabaidatzeko, datorren larunbatean parte-hartze prozesu ireki bat jarriko du martxan SD Eibarrek

Saioa datorren larunbatean, hilak 14, burutuko da. 10:00etatik 13:00etara izango da Eibarko Udaletxearen barne-patioan, duen kutsu demokratikoagatik hautatua izan den lekua.

Ekimen berri hau, gardentasuna eta parte-hartze demokratikoaren alde Klubak dituen helburuak betetze aldera sortua, hiritar guztiei irekia egongo da. Jardunaldi bakar batean, Klubak bost ardatz estrategiko jarriko ditu mahai gainean, eztabaida sortu eta ekarpenak jaso asmoz; Kirol Eredua, Garapen Ekonomiko eta Sozialaren Eragile, Kudeaketa Eredu Aurreratua, Eibar Marka eta Ipurua Tallarra.

Prozesu honetan parte hartu nahi izanez gero, interesatuek Udaletxearen ate nagusira hurbildu besterik ez dute, aipaturiko ordu eta datan, eta ondoren, barne-patiora sartu eta bertan egongo diren eserlekuetako batean eseri beharko dira. Bertan, Klubeko langileek eztabaida sortuko dute eta parte-hartzaileen iradokizun eta konklusioen oharrak hartuko dituzte. Saioan zehar edariak eskainiko dira eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea.

Klubak gogorarazi nahi du, 2015 eta 2017 artean erakundearen etorkizuna zuzenduko duen Plan hau zirriborro fasean aurkitzen dela momentu honetan, 102 parte-hartzaileren ekarpenak jaso ostean. Hurrengo pausoak, honen osaketa eta garapena izango dira.