Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Ruben Peña: Talde honek anbizio izugarria dauka

Eibarko jokalariaren adierazpenak Atxabalpen

Ruben Peña SD Eibarreko jokalariak gaurko entrenamenduaren ostean Atxabalpen adierazi duenez, “talde honek izugarrizko anbizioa dauka”.

“Matematikoki mailari eustea lortu nahi dugula diogu beti eta, orain zazpigarren postuan bagaude, Europan sartzeko borrokatuko dugu. Salbazioa lortzen dugunean, gure esku dauden helburuak lortzen saiatuko gara”.

Sanchez Pizjuanen jasandako porrotaren gainean, “porrot guztiek mintzen dute”, adierazi du, “baina partidu serioa egin genuen eta eurak baino onagoak izan ginen”. “Azken hilabeteko bidea jarraitu behar dugu, bolada onean gaude eta sentsazio onekin”.

“Partidua nahi genuen tokira eraman genuen, entrenatzaileari gustatzen zaion moduan, baina Sevilla oso talde ona da. Galdu behar badugu, izan genuen sentsazioekin izan dadila. Sevilla baino hobeto aritu ginen, euren zelaian, eta horrek asko esaten du gure taldearen gainean. Larunbatean sentsazio horiek izaten saiatuko gara, eta ziur naiz egongo den giroarekin eta ate aurrean zorte gehiago izanez gero, garaipena lortzea errazagoa izango dela guretzat”.

Larunbatean arerio izango den Malagaren gainean, “talde ona dauka, hegaletan oso azkarrak diren jokalariekin”, adierazi du. “Gure jokoa egiten saiatuko gara, euren zelaian jokatzen eta garaipena lortzen”.

“Eibarren aurka Ipuruan jokatzeak suposatzen duten zailtasuna ezagutzen dute. Gu geu izaten saiatu behar gara, orain arteko bideari jarraitu. Dakiguna egiten badugu, hiru puntuak etxean geratuko dira”.

Taldeari egiten dion ekarpenaren inguruan, “heldu nintzenean eskaintzen nuenetik orain eskaintzen dudanera alde handia dago”, aitortzen du Ruben Peñak. “Aurrera pausu gehiago eman behar ditut, denboraldia amaitu baino lehen nire futbol onena ikus dadila eta entrenatzaileak konfiantza ematea. Konfiantza hori minutu onekin bueltatzen saiatuko naiz”.

“Ruben Peña asko dago oraindik deskubritzeko. Nire lehen urtea da Lehen Mailan eta ondo egokitzen ari naiz. Nire gainean asko dago deskubritzeko oraindik eta gutxika ikusten joango gara. Gauzak eskaintzen ditudan bitartean, ez dit arduratzen golik ez sartzea. Aukerak baditut eta argiak badira, golak egitea gustatuko litzaidake, noski. Baina taldeak beste mugimendu bat egitea behar badu beste taldekide bati on egiteko, pozik egongo naiz berdin”.