Oinarri Futboleko denboraldiari goi-mailako amaiera eman diote
Ekitaldian 600 gonbidatu eta erakunde-ordezkari egon dira
Oinarri-futbolaren denboraldiari amaiera emateko ekitaldia egin zuten atzo Ipuruari atxikitako zelaian, SD Eibar Fundazioak antolatuta.
SD Eibarreko presidente Amaia Gorostiza buru izan zuen ekitaldian 600 lagun inguruk hartu zuten parte, batez ere futbolariek eta gurasoek, baina baita erakundeen ordezkari ugarik ere, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok, Eibarko alkate Miguel de los Toyosek, eta Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako Diputatua, Denis Itxaso, besteak beste.
Ipuruari atxikitako zelaian jarritako karpa handiko agertokian oinarri-futboleko bederatzi taldeetako ia 200 jokalariak bildu dira, eta horiekin batera, talde bakoitzeko teknikariak, gurasoak eta Eibarreko gizartearen ordezkaritza zabala; tartean Fundazioarekin lankidetzan aritzen diren babesleak, Igor Arenaza eta Ibon Muguruza jokalari ohiak edota alderdi politikoak.
Ekitaldiari ekitean, Klubeko presidente denetik parte hartu duen ekitaldi «kutun» eta «garrantzitsuena» dela adierazi du Amaia Gorostizak.
Oinarri-futbola klubaren etorkizuneko gizarte- eta kirol-proiektuaren «euskarria» dela nabarmendu zuen.
Seme-alabak klubaren beheko taldeetan aritzeko orain arte familiek ordaindu beharreko kuotak klubak ez dituela datorren denboralditik aurrera kobratuko iragarri zuen presidenteak.
«Kuota horiek Bigarren B mailan ezarri ziren, Eibar oso egoera finantzario zailean zegoenean, eta, orain zorionez aurkako egoeran gaudenean, bidezkoa da orain arte familiok ordaindu dituzuen kuota horiek kentzea», esan zuen.
Kirol Zuzendari Fran Garagarzak, Fundazioaren arduradun Jon Arregik eta Oinarri Futboleko koordinatzaile Mikel Gonzálezek administrazio-kontseiluaren proiektu berriaren ildo nagusiak azaldu zituzten, harrobi gorri-urdinari dagokionez gizarte- eta kirol-eredua finkatzeko, hain zuzen.
Gainera, Jokalari Eredugarria saria (balio armaginak hoberen ordezkatzen dituen jokalariarentzat) eta Lan Onari saria (kirol-errendimendu nabarmenarentzat) jaso zituzten talde bakoitzeko bi jokalarik. Euskadiko Selekzioek deitutako jokalariek ere jaso zuten klubaren errekonozimendua.