Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarren porrot berria, partiduko lehen gola sartu zuen arren

Eibar partidurik irabazi ezinda dabil, eta bolada txarrean jarraitzen du atzo Ipuruan Rayo Vallecanoren aurka 1-2 galdu ostean, nahiz eta lehen zatian markagailuan aurretik jarri zen.

Armaginak partiduaren jabe izan ziren partiduaren lehen minutuetan, akats gutxiko futbol txukuna eginez. Erasoan ere ondo aritu ziren eta Ander Capa, Piovaccari eta Bóvedak gol-aukera garbiak izan zituzten.

1-0-ekoa penaltiz sartu zuen Arruabarrenak 35. minutuan, Cristian Álvarez-ek Piovaccari lurrera bota ostean.

Gol honen ondoren Rayo izan zen nagusi zelaian, eta izan zituen lehen bi aukera garbiak gol bihurtu zituen. 40. minutuan, Alberto Buenok eskuinaldetik etorri zen Titoren pasea ate barrura bidali zuen, eta 42. minutuan, Manuchok buruz egin zuen gola Embarbak ezkerraldetik jaurtitako korner batean.

Lehen zatiaren amaieran, jokalari zein zaletuak gertatutakoa sinetsi ezinda zeuden, ezinezkoa baitzirudien hain lan ona egin ondoren atsedenaldira galtzen joatea.

Bigarren zatian, Rayok oso goian egin zuen presioa eta partiduaren jaun eta jabe bilakatu zen. Errenta handitzeko gol-aukera garbiak izan zituen gainera.

Javi Lara, Manu eta Lekic-en sarrerak freskotasuna ekarri zion Eibarri eta gogor ekin zion erasoari, eta azken minutuetan berdinketa lortzea merezi izan zuen.

Kanpora ozta-ozta joan zen Manuren jaurtiketa, Titok atepetik atera zuen Raúl Navasen burukada, Javi Lararen erdiraketa galdua eta Manuren jaurtiketa garbi bat izan ziren Eibarrek berdinketa lortzeko izan zituen aukerak.

Eibarrek 10 jokalarirekin amaitu zuen partidua, Raúl Navasi bigarren txartel horia erakutsi baitzioten azken minutuetan. Piovaccarik ere ezin izango du Malagaren aurka jokatu, 5. txartel horia jaso baitu.

Hamaikakoak:

SD Eibar: Jaime; Bóveda, Añibarro, Rául Navas, Didac Vila; Errasti (Javi Lara, min.64), Dani García; Capa (Manu, min.64),  Arruabarrena (Lekic, min.76), Saúl; eta Piovaccari.

Rayo Vallecano: Cristian Alvarez; Tito, Abdoulaye, Ze Castro (Morcillo, min,82), Insúa (Nacho, min.38); Raúl Baena (Fatau, min.61), Jozadeb; Kakuta, Bueno, Embarba; eta Manucho.

Árbitro; Iglesias Villanueva (comité gallego). Raúl Navas kaleratu zuen (minuto 93) bi txartel horirekin eta txartel hori bana jaso zuten Piovaccari, Añibarro eta Didac etxekoek, eta Cristian Alvarez, Manucho eta Tito kanpokoek.

Golak: 1-0, min.35: Arruabarrena, penaltiz. 1-1, min.40: Alberto Bueno. 1-2, min.42: Manucho.