Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: «Malaga ondo dago, baita gu ere. Partidu zail eta polita izango da»

Eibarrek eta Malagak elkarren aurka jokatuko dute bihar Ipuruan, 18:15ean

José Luis Mendilibar Eibarko entrenatzaileak gaur goizean aitortu duenez, biharko aurkariak, Malaga, bide ona darama, «baina gu ere ondo gaude». Beraz, «partidu zaila eta polita izango da».

Biharko neurketaren aurreko prentsaurrekoan, Eibarko entrenatzaileak Malagak Ligako azken zortzi partiduetatik bat baino ez duela galdu gogoratu du. Bartzelonaren aurkakoa hain zuzen.

«Sailkapenaren goiko partera begiratzeko moduko taldea da, ez behera. Txarto hasi ziren, baina poliki-poliki gora doaz. Orain ondo ari dira defentsan; gol gutxi hartzen dituzte. Lehen itzulian hara joan ginenean, min gehien egin ziguten taldetako bat izan zen.  Hasieran golak egiteko zailtasunak zituzten. Camacho berragertu zenetik, baina, bizitza hartu du Malagako zelai erdiak; indarra hartu dute. Orain sentsazio onak dituzte eta partidua irabaztera etorriko dira, ez dute espekulatuko», adierazi du Mendilibarrek.

Bere taldeari dagokionez, astean zehar entrenamendu onak egin dituztela nabarmendu du: «Norgehiagoka jokatzeko prest gaude». Mendilibarrek ezin izango ditu erabili min hartutako Iván Ramis eta Antonio Luna. Azken horrek giharretako arazoak gaindituta zituela zirudien, baina gaurko entrenamendua utzi behar izan du leku berdinean mina zuela-eta.

Futbol italiarrera itzultzea erabaki duen Simone Verdiren eta pasa den igandean Huesca taldeari utzitako Mikel Arruabarrenaren agurren inguruan ere aritu da Mendilibar: «Estimatzen ditugun mutilak dira eta pena bat da biek taldea utzi izana, baina 11 jokalarik baino ez dute jokatzen. Bizitzaren legea da, beraiek jokatu egin nahi dute eta taldetik irtetea bilatu dute».