Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: Lehiatu eta partidua irabazi nahi dugu bihar

SD Eibarrek joaneko partiduko 3-0 emaitza irauli beharko du Kopan aurrera egiteko

Jose Luis Mendilibar SD Eibarreko entrenatzaileak gaur adierazi du bere taldeak “partidua irabazi eta lehiatzeko” asmoarekin ekingo diola bihar Atletico Madriden aurka (Errege Kopako final laurdenetako itzulerakoa) Ipuruan jokatuko duen lehiari.

SD Eibar joaneko partiduko 3-0 emaitza iraultzera behartuta dago Kopan aurrera egiteko

Neurketa honetarako Mendilibarrek Riesgo, Ramis, Arbilla eta Kike Garciaren bajak ditu lesionatuta daudelako, eta Gonzalo Escalante, bere aldetik, zigortuta dago. Antonio Lunak ere ez du jokatuko, izan ere, min hartuta dago, baina ez du arazorik izango larunbatean Deportivoren aurka jokatzeko. Horregatik, Mendilibarrek CD Vitoria taldeko hiru jokalari deitu ditu deialdia betetzeko: Markel Areitio, Imanol Sarriegi eta Josue Dorrio.

Honakoa da deialdia: Yoel, Areitio; Capa, Dos Santos, Lejeune, Gálvez, Dani García, Fran Rico, Rivera, Sarriegi, Adrián, Rubén Peña, Bebé, Pedro León, Inui, Josué, Enrich eta Nano.

Mendilibarrek biharko partidu aurreko prentsaurrekoan aitortu du bere taldeak kanporaketa pasatzeko aukera gutxi dituela. “Gola laster sartzen badugu, ikusiko dugu”.

Adierazi du, baita ere, ez daukala zalantzarik Atletico Madridek seriotasun osoz hartuko duela partidua eta ez duela espekulatuko joaneko partiduko 3-0 markagailuarekin.

 “Kopa ondo datorkigu, baina egia da azken aldiko lesioek kalte egin digutela, jokalari batzuek nik nahiko nukeena baino gehiago jokatu behar dutelako”.

Behin lehen itzulia amaituta taldeak LaLigan izan dezakeen etorkizunari buruz, “taldea sendoago dago eta uste dut aurreko denboraldietan baino bigarren itzuli hobeagoa egingo dugula”, adierazi du.