Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Lillo: Dinamika onean gaude eta puntuak Ipuruan gera daitezen saiatuko gara

Eibarren atzelaria den Manuel Castellano "Lillo"-ren hitzetan "Dinamika onean gaude" eta Sevillari "buruz-buru jokatuko diogu" eta "hiru puntuak lortzen saiatuko gara", datorren larunbatean Ipuruan (18:15).

Lillo pasa den astean bueltatu zen talde-dinamikara, meniskoan izan zuen lesioa gainditu ostean. "Pozik nago, bueltan naiz. Ez dut batere minik somatzen, beste edonor bezalaxe ari naiz entrenatzen, nahiz eta kontuz nabilen denbora luzez jarduera muskularrik gabe egon ostean. Jokatzeko moduan naiz, beraz entrenatzailearen eskuetan da azken erabakia".

Alikanteko atzelariaren hitzetan "deialdian sartzea ere zaila ari da izaten aurten", taldean dagoen lehiakortasuna dela medio. "Egunero egin beharra dago lan, eta entrenatzailearen erabakiaren zain egon".

"Sevilla talde indartsua da, puntu beharrean dator eta adorez beterik, azken jardunaldian Bartzelonari irabazi ostean. Handietako bat da, eta gaizki egon arren sorpresa eman dezake edozein momentutan".

Datozen bi partidetan, Sevilla eta Bartzelonaren aurka, "itxura ona eman beharrean gara, eta punturen bat lortzen saiatu".

"Maila altuan ari gara jokatzen, itxura ona emanez. Lehenengo minututik amaierara arte topera jokatzen dugu. Gainbehera ekiditen saiatu behar dugu, eta ahal bezainbeste puntu lortzeko lan egin."

Aurtengo taldeari buruz, "armairua beteago dago aurten" eta "gora-behera gutxiagoko denboraldi bat izango dugula espero dut, pasa den urtean ez bezala".

"Gose handia dago aurten, Lehen Mailan eskarmentua duen jendea alde batetik, eta bertan izen ona lortu nahi duena bestetik. Fitxaketa berrien ekarpena ikusi besterik ez dago".