Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Iker Dorronsoro: “Lehenengo jardunalditik ez dugu etxean irabazi eta erronka polita dugu aurretik”

“Gure asmoa hiru puntuak etxean geratzea da eta horretarako trantsizioetan adi egon behar dugu”, esan du entrenatzaile armaginak

Iker Dorronsorok prentsaurrekoa eskaini du bihar Santa Teresaren aurka Ligako hamabigarren jardunaldia jokatu aurretik. Neurketa bihar jokatuko da 12:00tan Unben.

Entrenatzaile armaginak igandean Rayo Vallecanoren aurkako neurketaren inguruan mintzatu da. “Primera Iberdrola ligan partidak borrokatzeko eta irabazteko aukera izan nahi badugu ezin dugu inongo momentuan intentsitatea jaitsi”.  

Zentzu horretan eta biharko partidari begira, “igandeko porrotaren ostean arantza hori kendu nahi dugu” esan du Igeldokoak. “Gainera partida etxean jokatuta, oraindik eta neurketa garrantzitsuagoa da guretzat”. “Lehenengo jardunalditik ez dugu etxean irabazi eta erronka polita dugu aurretik” adierazi du. 

Entrenatzaile armaginak biharko Santa Teresaren aurkako neurketa ere aztertu du. “Gu bezala talde igo berria da eta gure atzetik puntu bakarrera daude”. Zentzu horretan, “partida oso parekatua izango da, atzean talde sendoa da eta defentsa lanetan oinarrituz trantsizio azkarrak bilatuko dituzte”. “Bi taldeek estilo berdintsua dugu eta joko zuzena egiten dugu”. Zentzu horretan, “gol gutxiko partida izango da” esan du Dorronsorok. “Gure asmoa hiru puntuak etxean geratzea da eta horretarako trantsizio horietan adi egon behar dugu”.

Biharko neurketaren garrantziaren inguruan galdetuta, prestatzaileak adierazi du, “bi partida geratzen dira etenaren aurretik eta hauek oso garrantzitsuak izango dira”. “Gure asmoa etxean hiru puntuak lortu eta Valentziara presio gutxiagorekin joatea da, bertan ere emaitza positiboa atera eta gabonetako eten horretara lasaitasun gehiagorekin joateko”.