Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Iker Dorronsoro: "Guretzako neurketa berezia izango da eta lasai eta gogotsu gaude"

Neurketa oso lehiatua egongo da eta ez gara aurkari xamurra izango, esan du entrenatzaile armaginak

Iker Dorronsorok prentsaurrekoa eskaini du bihar Unión Deportiva Granadilla Teneriferen aurka Ligako hamazazpigarren jardunaldia jokatu aurretik. Neurketa urtarrilean jokatu behar zen, baina Granadilla Tenerifeko bi jokalarik COVID-19an positibo eman eta gero, bertan behera geratu zen. Neurketa bihar jokatuko da 13:00tan La Palmera futbol zelaian.

Entrenatzaile armagina biharko neurketaren inguruan mintzatu da. “Partida ikusgarria izango da eta oso lehiatua egongo dela iruditzen zait” esan du. Aurkariaren inguruan ere mintzatu da Igeldokoa, “talde oso sendoa da, postu guztietan jokalari oso onak dituzte, badakite zertara jokatzen duten eta gure estiloko talde bat dela uste det”. Zentzu horretan eta biharko neurketari begira, “guk badakigu tokian egoten eta egoera horietan ere talde sendoa gara, beraz, ez gara aurkari xamurra izango” aitortu du Dorronsorok.

Taldea nola dagoen galdetuta, “lasai eta gogotsu gaude biharko partidari begira”, erantzun du. “Guretzako neurketa berezia izango da. Hiru puntu jokoan egoteaz gain, irabazten badiegu, Erreginen Kopa jokatzeko aukera izan dezakegu. Beraz, partida berezia izango da eta ilusioa dugu” azpimarratu du. 

Dorronsororenak azken lau partidatan bi puntu lortu dituzte. Honen inguruan galdetuta, “oraindik badugu distantzia atzeko taldeei begiratzen badiegu baina ezin gera erlaxatu”. Hala ere, “taldea ondo dago eta ez det urte erlaxatu denik”, aitortu du. Zentzu horretan, eta biharko neurketari begira, “hiru puntuak lasaitasuna ere emango ligukete gure helburura gerturatzeko eta horren bila goaz”. “Talde honek etxetik kanpo partida oso onak egiten ditu, lehiakorrak izaten ari gara eta aukerak baditugu bihar zerbait ateratzeko”, esan du.