Skip to main content
EU
Kluba

Gaizka Garitano ez da Eibarren entrenatzailea izango datorren denboraldian

Eibar Kirol Elkarteak entrenatzaile berria izango du datorren denboraldian, hala adierazi du taldearen Kirol Zuzendaria den Fran Garagarzak gaurko prentsaurrekoan.

Garagarzak gaur bertan hitz egin du Garitanorekin, azken hiru denboraldietan lehen taldearen entrenatzaile izan eta taldea Bigarren B mailatik Lehen Mailara igo duena. Talde armaginak entrenatzaile berria izango du datorren urtean, halaxe ondorioztatu da elkarrizketa horretan.

Taldea Bigarren Mailara jaitsi zenean, Garitanok postua utziko zuela adierazi zuen, eta erabaki hura mantendu egin da nahiz eta taldeak Lehen Mailan jokatuko duen Elcheren jaitsiera administratiboa dela eta.

Eibarrek "lehen bait lehen" kontratatu nahi du entrenatzaile berria. "Kontu honi ari gara gure indar gehiena eskaintzen, klubaren barruan jende asko ari da honetan lanean".

Eibarren Lehendakaria den Alex Aranzabalek, atzo jazo zen Administrazio Kontseiluaren bileraren ondoren izandako filtrazioei buruz, "filtrazioak egin dituztenek desleialtasuna agertu dute, sekretua gordetzeko betebeharra baitago bertan. Urteko edozein momentutan gertatu izan balitz, larria izango zen, baina denboraldiko momenturik erabakigarrienean gertatu izanak are larriagoa bihurtzen du".

"Akatsak egin ditugu eta hasiberri-saria ordaindu dugu. Lehen Maila kategoria konplexu eta exigentea da. Hausnartu eta autokritika egin beharrean gaude. Lehen Mailan esperientzia duten pertsonak beharko ditugu agian Administrazio Kontseiluaren kirol eremuan", adierazi du.

Honen harira, klubaren Kirol Kontseilura Sepe Gallasteguiren etorrera aipatu du, Bigarren Mailan Eibarren entrenatzaile eta Villarealen kirol teknikari izandakoa. "Aurrerapausu bat da gure artean bera bezalako jendea izatea", esan du Aranzabalek. Bestalde, José María Arrizabalaga, Kirol Komisioaren partaideak, ekainaren 30ean bere postua uztea erabaki duela adierazi du Lehendakariak. "Gure eskerrik beroenak urte guzti hauetan egin duen lanagatik", aipatu du.