Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Emakumezkoen taldeak porrota jaso du etxean Betisen aurka (1-2)

Armaginak punturik gabe gelditu dira, aurretik jarri diren arren

Emakumezkoen taldeak Real Betisen aurka galdu du Ligako zazpigarren jardunaldian. Armaginek denboraldiko hirugarren garaipena lortu nahi zuten etxean, Unbek edukieraren %100 berreskuratzen zuen egunean. Markagailuan aurretik jarri diren arren, eibartarrek ezin izan dute punturik batu talde andaluziarraren aurka.

Norgehiagoka ezin hobeto hasi da eibartarrentzat. Carla Morerak 6. minutuan talda aurreratzea lortu du, Kukiren erremate baten ostean. Pozak gutxi iraun du Junyentek zuzentzen duen taldearentzat, izan ere, bost minutu geroago Asantewaak norgehiagoka berdindu du.

Lehen zatia oso borrokatua izan da baina ez da gol gehiago izan. Aldageletatik bueltan, armaginak bigarrena egiteko nahiarekin itzuli dira. Hala ere, eibartarrak desoroso egon dira Betisekoen defentsa lanarengatik. 51.ean Angela Sosak bigarren gola lortu du urruneko jaurtiketa baten bitartez. Jokalari zuri-berdeak Noelia atezaina aurreratuta ikusi du , eta, bitan pentsatu gabe jaurti eta gola sartu du.

Armaginek erreakzionatu egin dute berdinketaren bila, baina abagune argienak azken minutuetan heldu dira. 88.ean, Aidak bere errematea sarera bidaltzea eragotzi du langak. Azken hasperenean, Ane Campos bakarrik geratu da Thalmann-en aurrean. Jokalari armagina goitik gainditzen saiatu da, baina jaurtiketa gora joan zaio.