Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek sinisten du

Armaginek 0-2 irabazi diote Celtari Balaidosen

Eibarrek hirunaka gehitzen ditu puntuak. Armaginek 0-2 irabazi diote RC Celtari Balaidosen Kike Garcia eta Pedro Leonen golekin, eta Europako postuetan kokatzen da momentuz.

Partidua nahiko lasai hasi da, azken neurketetan Eibarrek eman izan dion bizitasunik gabe. Hala ere, armaginen gola laister iritsi da. 12. minutuan Bebek Sergi Enrichi pasatu dio, honek buruz baloia Kike Garciari utzi eta Motillako aurrelariak bosgarren gola sartu du bost partidutan.

Armaginen eraginkortasunak lehen zatia lasaitasunez pasatzea bermatu die Mendilibarren mutilei. Celtak ez du arriskurik sortu eta eibartarrek partiduaren kontrola eduki dute.

Armaginak 45 minutu oso on eginda iritsi dira atsedenaldira, aldageletara abantaila handiagorekin joan zitekeen sentsazioarekin.

Bigarren zatia ezin izan da hobeto hasi Eibarrentzat. 5. minutuan Bebek Antonio Lunari pasea bidali eta honek area hertzean zegoen Pedro Leoni pasatu ostean, murtziarrak eibartarren bigarren gola egin du. Erdilariaren 10. gola izan da denboraldi honetan, Sergi Enrichekin goleatzaile nagusi bezala berdinduz.

Balaidosen ondo ezarritako Eibar batekin, etxekoek lerroak aurreratu dituzte. Iago Aspasen sarrerak Celta animatu du, hainbat aukera sortuz. Aspasen jaurtiketa batek langa jo du 83. minutuan.

Celtak bere arean sartu du Eibar azken minutuetan, baina armaginek ez diote uko egin kontraerasoan irteteari ahal izan dutenean. Beauvuek aukera handia izan du, baina markagailua ez da mugitu.

Eibarek bere hirugarren garaipena lortu du jarraian, 50. punturekin 6. postuan kokatuz, Europa League jokatzeko postuetan. Armaginek hiru egun libre izango dituzte orain eta hurrengo igandean 18:30etan Real Betisen aurka jokatuko dute Benito Villamarinen.