Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Eibarrek Santa Teresaren aurka galdu du Badajozen (2-0)

Armaginek ezin izan dute punturik batu aurkari zuzen baten aurrean

Eibarrek 2-0 galdu du Santa Teresaren aurka Primera Iberdrola Ligako hogeita zazpigarren jardunaldian. Partida guztian zehar ondo lehiatu diren arren, Dorronsororenak ezin izan dute punturik batu aurkari zuzen baten aurrean. Armaginak hiru puntuak lortzeko asmoz atera dira zelaira baina 11. minutuan etxeko taldea aurreratu egin da markagailuan, María Neirak sartutako gol baten bitartez.

Minutu batzuk beranduago, Thembik armaginen lehen gola egiteko aurkera izan du area barrutik egindako jaurtiketa baten bitartez, baina jaurtiketak zutoinean eman du. Dorronsororenak lehian jarraitu dute eta lehen zatia amaitu aurretik norgehiagoka berdintzeko aukerak sortu dituzte baina ez dute aterik aurkitu.

Bigarren zatia hasi bezain laister, Iker Dorronsorok aldaketak egin ditu partidari buelta emateko asmoz eta hiru puntuak eskuratzeko helburuarekin. Hala ere, neurketako 57. minutuan Mireya García jokalariak bigarrena egin du etxeko taldearentzat.

Talde honetan ohikoa den bezala azken minutura arte armaginak lehian jarraitu dute baina ezin izan dute punturik batu Badajozera egindako bisitan.

Dorronsororenak larunbatean jokatuko dute UDGTeneriferen aurka ligako 28ª jardunaldia.