Eibarrek landutako puntua gehitu du Celtaren aurka (0-0)
Armaginek golik gabe berdindu dute Balaidosera egindako bisitan
Eibarrek golik gabe berdindu du Ligako 21. jardunaldian. Armaginek puntu bat gehitzea lortu dute Balaidosera egindako bisitan. Etxekoek abagune garbienak izan dituzten arren, Mendilibarren mutilak sendo aritu dira defentsa lanetan, eta Dmitrovic bikain bati esker, puntu bat gehitzea lortu dute.
Lehen abagunea, ordea, Eibarrena izan da. Hasi eta berehala, Orellanak taldea aurreratzeko aukera ezinhobea izan du Pedro Leonek ipinitako falta batean. Txiletarraren burukada, ordea, Rubenek gelditu du. Etxeko taldea erreakzionatzen ahalegindu da eta minutuek aurrea egin ahala, eibartarrak baino gehiago izan dira. Lehen zatiaren amaieran, Celtak markagailuan aurreratzeko abagune garbiak izan ditu. Bietan, Dmitrovic erabakiorra izan da. Lehenik Fran Beltranen jaurtiketa gelditzeko eta ostera, Sistorena aldaratzeko.
Bigarren zatian, Mendilibarren mutilek lan handia egin behar izan dute berdinketari eusteko. Izan ere, etxeko taldeak maiztasunarekin iritsi da Dmitrovicen ate ingurura. Serbiarrak oso eraginkor ibili da Iago Aspasen bi jaurtiketari erantzun paregabea emateko. Bien bitartean, Eibarrek Orellanaren bidez, aukera ona izan du markagailuan aurrartzeko. Hegaleko jokalariak baloia arriskutsu lapurtu du aurkako zelaian baina bere jaurtiketa erraz gelditu du Rubenek.
Lehia amaieran, Olaza atzelaria gola egitetik gertu egon da falta jaurtiketa batean. Celtako jokalariaren erdiraketak ateko norabidea hartu eta zutoinean jo du. Handik gutxira, Rafinhak beste abagune bat izan du. Eibarrek gogotik egin behar izan du lan emaitzari eusteko baina zorionez, markagailua ez da mugitu eta Mendilibarren mutilek puntu garrantzitsua gehitu ahal izan dute Balaidosen.