Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek bolada onari jarraipena eman dio Betisen aurka berdindu eta gero (1-1)

Armaginek azken boladari jarraipena eman diote etxetik kanpo lortutako berdinketarekin

Eibarrek bana berdindu du Ligako zortzigarren jardunaldian. Armaginek puntu bat gehitzea lortu dute Benito Villamarinera egindako bisitan eta azken boladari jarraipena eman diote. Eibartarrak markagailuan aurreratzea lortu dute lehen zatian Orellanak penalti marrati egindako golari esker. Bigarrenean, ordea, Lorenek berdinketaren gola egin du geldikako jokaldi batean.

Lehiaren hasiera oso parekatua izan da. Bi taldeak aurkako ate ingurura iristen saiatu dira, batez ere geldikako jokaldien bitatez. Hogeigarren minutuan, Escalantek abagune garbia izan du korner batean. Bigasek ederki burukatu du baloia lehen zutoinean baina argentinarrak ez du asmatu errematean. Etxekoen erantzuna berehalakoa izan da. Dmitrovicek erantzun paregabea eman dio Lorenek area barruan egindako jaurtiketari.

Lehen ordu erdia betea zenean iritsi da armaginen gola. Epaileak penaltia adierazi du Canalesek area barruan baloia eskuarekin jo duelako. Orellanak ezinhobeto jaurti du eta Robles engainatu ostean, huts eta batekoa ezarri du markagailuan.

Atsedenalditik bueltan, Diopek bigarrena egiteko abagune garbia izan du. Berriro ere korner batean, lehen zutoinean errematatu du baina Roblesek geldiketa ona egin du. Etxekoak berdinketaren bila ahalegindu dira eta hala, 67. minutuan Lorenek bat eta batekoa ezarri du. Hasiera batean epaieleak jokoz kanpo adierazi badu ere, azkenean VARrak lagunduta gola markagailura igo da.

Norgehiagokaren amaieran, Mendilibarren mutilak gogotik egin dute lan puntu urratzeko. Minutu gehigarrietan Escalantek bigarren txartel horia ikusi du eta kanporatua izan da. Edonola ere, taldeak berdin jarraitu du eta azkenean berdinketa eskuratu du aurkari zail baten etxean.