Eibarrek Alavesen aurka galdu du (0-1)
Guidettiren gol goiztiarrak erabaki du lehia gasteiztarren alde
Eibarrek 0-1 galdu du Alavesen aurka Ligako 32. jardunaldian. Armaginek ez diote ongi ekin lehiari. Izan ere, hasi eta berehala, Guidettik arabarrak aurreratu ditu markagailuan. Taldeak, ordea, ez du amore eman eta lanean jarraitu du berdinketaren golaren bila. Saiatu badira ere eibartarrek ezin izan dute Pachecoren atea zulatu eta esku hutsik amaitu dute norgehiagoka.
Alavesek ongi hasi du neurketa eta laugarren minuturako aurretik zen markagailuan Guidettik maisuki gauzatutako kontraeraso baten ondoren. Babazorroek eibartarren huts egiteak aprobetxatu dituzte lehen ordu laurdenean Dmitrovicen ate ingurura arriskuarekin iristeko.
Minutuak aurrera egin ahala, ordea, Eibar hobetzen joan da. Hala, hogeigarren minutuan iritsi da lehen abagune garbia Mendilibarren mutilentzat. Pedro Leónek banakako jokaldi baten ondoren, atera jaurti du baina Pachecok erantzun bikaina eman dio baloia kornerrera bidaliz. Handik aurrera, armaginek baloiaren jabetza eduki dute eta gehiago izan dira.
Bigarren zatian, lehen zati amaierako gidoia errepikatu da. Eibar baloiaren jabe egin da eta hegaletatik iristen saiatu da. Alavesek, berriz, atzean sartuta, kontraerasora irteteko aukera itxaron du. Hasi eta berehala, Pedro Leónek neurketa aldatu zezakeen abagunea izan du falta jaurtiketa batean. Pachecok berriro ere erantzun ezinhobea eman dio erdilariari.
Orellana izan da taldearen iparroratza bigarren zatian. Txilearrren bitartez arriskuarekin iritsi da Eibar Alavesen area ingurura. Berak izan ditu bigarren zatiko aukera garbienak eta bere jaurtiketa batetik iritsi da berdinketaren gola izan zitekeena. Kike Garcíak buruarekin jo du hegalekoak ezker oinez jotako jaurtiketa eta baloia langaren gainetik joan da gutxigatik.
Taldeak lanean jarraitu du amaierara arte eta neurketa aurkariaren zelaian bukatu bada ere, ez da nahikoa izan berdinketaren gola egiteko. Gauzak horrela, lehia amaieran huts eta bat gailendu da Alaves Ipuruan.