Skip to main content
EU
Kluba

Eibarrek 98-99 denboraldiko azken bost partidak irabazi zituen

Armaginak salbaziotik 12 puntura zeuden 6 jardunaldiren faltan

Eibarrek salbazio miragarria lortu zuen 1989-1999 denboraldian, azken bost jardunaldietan bost garaipen lortu zituen Bigarren A Mailan jarraitzeko.

Liga amaitzeko sei jardunaldi falta zirenean, Eibar salbaziotik hamabi puntura zegoen ia denboraldi osoan jaitsiera postuetan egon eta gero.

Eibartarrek mailari eusteko karanbola bat behar zuten. Beharrezkoa zen Eibarrek Ipuruan Toledori irabaztea eta Mallorca B-k Herculesen aurka galtzea.

Armaginek 3-0 irabazi zuten Goyo (2’), Iturrino (55’) eta Arenazaren (80’) golei esker. Bien bitartean, zaleek irrati bidez jarraitu zuten Mallorca B eta Herculesen arteko norgehiagokan gertatutakoa. Bi talde hauen jabea Antonio Asensio enpresaburu balearra zen. Zurrumurruen arabera, Alacanteko taldeko jokalariek atzerapenak zituzten euren soldatak jasotzeko.

Hercules bi bider aurreratu zen markagailuan, Mallorcak aldea murriztu zuen 70. minutuan, baina Alacantekoek 87.ean 1-3ko egin zuten. Xabier Eleizegi, gaur egun Realeko delegatua den donostiarra, izan zen neurketa hartako epailea. Bi penalti adierazi zizkion talde bakoitzari.

Emaitza horrekin Eibarrek helburua lortu zuen. Ipuruako ikusleek inbasioa egin zuten hamabigarren urtez jarraian mailari eutsi ziotela ospatzeko.

Egun horretan, 1999ko ekainaren 20an, honako hamaikakoa zelairatu zuen Alfonso Barasoainek: Jon Ander, Arce, Matxon, Goyo, Golo, Bixente, Artetxe, Iturrino, Arriola, Quico eta Arenaza zelairatu zituen Eibarrek. Olanok, Donostik eta Aitor Aguirrek ere jokatu zuten.

98-99 denboraldian Eibarrek hiru entrenatzaile izan zituen (Kike Ormaetxea lehen 16 jardunaldietan, Sepe Gallastegi 17. jardunaldian eta Alfonso Barasoain18tik amaierara). Armaginak jaitsiera postuetan egon ziren bosgarren jardunalditik azken jardunladira arte. Gainera, azken sailkatu izan zen hiru jardunalditan.

27. eta 33. jardunaldien artean, Eibarrek sei partida galdu zituen eta bakarra berdindu. Bolada txar horren ostean, talde armagina azken-aurreko tokian zen salbaziotik hamaika puntura. Tarterik handiena 34. jardunaldian izan zuen, salbaziotik 13 puntura egon baitzen. 35.ean Mallorca B-rengandik 10 puntura zegoen, 36.ean 12 puntura, 37.ean 11 puntura, 38.ean 9 puntura, 39.ean 6 puntura, 40.ean 5 puntura eta 41.ean 2 puntura.

28. eta 42. jardunaldien artean, Eibarrek sei partida irabazi eta hiru berdindu zituen. Liga osoko 47 puntuetatik 21 lortu zituen azken bederatzi partida horietan. Hori gutxi balitz, azken bost partidak jarraian irabazi zituen.

Azken jardunaldirako jaitsita zueden Ourense, Hercules eta Bartzelona B. Azken postuak Eibarren (44p), Leganesen (46p) eta Mallorcaren (46p) eta Logroñesen (47p) artean jokatu behar zuten.

Partida hasi baino hiru egun lehenago jakin zen Barasoainek hurrengo denboraldian ez zuela jarraituko. Horrek tentsioa sortu zuen Eibarko Kontseiluarekin.

Talde hartan Eibarko lau jokalari zeuden: Artetxe, Guruzeta, David Velazquez eta Guarrotxena. Gaizka Garitanok bere lehen denboraldia zuen talde gorri-urdinean eta lehen itzulian ohikoa izan zen, baina bigarrenean partida bakarra jokatu zuen. Eibarren goleatzaile nagusia Igor Arenaza atxabaltarra izan zen zazpi golekin.

Bixentek hirugarren miraria lortu zuen Eibarrekin:  lehena, 1990an Sarrian; bigarrena, 1993an Compostelaren aurka eta azkenik, 1999an Toledoren aurka. Guztiak azken jardunaldian.

1990eko Sarriako salbazioaren ondoren, 1993ko Compostelaren aurkako partidua eta 1999an Toledoren aurkakoa, guztiak azken jardunaldian.

El Diario Vascoren kronika horrela sinatu zuen Rementeriak hurrengo egunean: “Ez du beste hitzik: miraria”. Barasoinekin batera bere lan taldea osatzen zuten Jose Ignacio Garmendia bigarrenak, Justo Lillo prestatzaile fisikoak, Joseba Arriola masajistak eta Txema Peñalba medikuak.

Hainbat promesa bete ziren, hala nola Barasoain eta bere familiarena, Bilbotik Arratera oinez joan zirenak Eibarko ikurrekin. Gaizka Garitanok ilea arrosaz margotu zuen, klubeko beste kide batzuek ilea kaskamotz utzi zuten, beste batzuk Donejakue Bidearen azken zatia Viveirotik egin zuten. Zaleen artean ere promesak ugariak eta askotarikoak izan ziren.

Erreportaje honetan agertzen diren datuak SD Eibar Fundazioaren Patronatuko kide Jesus Gutierrez historialari eibartarrak eman ditu.

Argazkiak:
- Eibarreko jokalariek mailari eustea ospatu dute. Argazkia: Michelena (El Diario Vasco)
- Alfonso Barasoain armaginen entrenatzailearen poza.
- Eibarreko taldea 98-99 denboraldian.