Armaginak puntuak gehitzen jarraitzen dute eta sailkapeneko erdi-goi aldean mantentzen dira
Ipurua da denboraldi honetan Eibarren argumentu nagusia
Eibarrek puntuak gehitzen jarraitzen du eta sailkapeneko erdi-goi aldean mantentzen da, Ipuruan duen kaudimena argumentu nagusi izanik.
Azken hilean armaginek bost partidu jokatu dituzte, hiru garaipen, eta berdinketa eta porrot bana lortuz.
Ipuruan jarraian Celta de Vigo eta Real Betisen aurka jokatu zuten partiduetan, Mendilibarren taldeak Ipuruan jokatzeak ematen dion sendotasuna erakutsi zuen eta garaipen bana lortu zuen Celta eta Betisen aurka 1-0 eta 3-1, hurrenez hurren.
Bi garaipen hauen ostean, taldeak beste bat lortu zuen, baina kasu honetan Eibartik kanpo, Gijonen jokatu zen Errege Kopako final hamaseirenetako joaneko partiduan zehazki. 1-2 –ko emaitzak kanporaketa bideratuta utzi zuen armaginentzat.
Ligan jokatu zuen hurrengo partiduan, Athletic Cluben aurka, Eibarrek San Mamesen pisua nabaritu zuen eta 3-1 galdu zuen, nahiz eta azken momentura arte berdintzeko aukerak izan.
Egin dituen zortzi irteeretako bostetan puntuak lortu dituen Alaves talde zailaren bisita banako berdinketan amaitu zen. Emaitza motz gelditu zen zaletu armaginentzat, baina puntu bat lortzeko balio izan zuen, honako partiduetan gauza oso garrantzitsuena dena.
Urtea amaitzeko geratzen den honetan, Eibarrek CD Leganes bisitatuko du igandean eta abenduaren 21ean Errege Kopako final hamaseirenetako itzulerako partidua jokatuko du Gijongo Sportingen aurka Ipuruan (19:00etan).