Skip to main content
EU
Kluba

Aranzabal: Zuhurrak izan beharrean gara, pausu garrantzitsua da baina ez behin betikoa

Zuhurtasunari egin dio deia gaur SD Eibarren Lehendakaria den Alex Aranzabalek, Elcheren jaitsiera administratiboa dela eta. BBVA ligan mantentzeari begira "pausu garrantzitsua da baina ez behin betikoa".

Aranzabalek erabaki honek ekarriko dituen ondorioen analisia egin du Ipuruan emandako prentsaurrekoan. Elchek aurkeztu ditzakeen errekurtsoen zain egon arren, erabaki honek, Eibarrek 2015-2016 denboraldia Lehen Mailan jokatuko duela suposatzen du.

Futbol Liga Profesionalak berak, martxoaren 25ean Bartzelonan jazo zen bileran, jaitsiera administratiborik izanez gero, jaitsitako taldearen postua, liga amaieran azken 3 postuetan amaitzen dutenen artean onenak hartuko zuela erabaki zuen.

"Erakundeek beren lana egin dute. Beti izan dugu erakundeekiko errespetu maximoa, eta araudia betetzearen aldeko exigentzia. Garrantzitsua da txapelketaren seriotasuna eta zorroztasuna bermatzea. Badirudi futbol munduan gauzak aldatzen ari direla", adierazi du Aranzabalek.

Eibarren Lehendakariak elkartasun hitzak izan ditu Elchetarrentzat, "Elcheko hiria, masa soziala eta futbolarientzat suposatzen duen trauma" dela eta.

"Erabat faltsua da Eibarrek Elche salatu izanaren kontua. Espedienteak LFPak ireki zituen eta Eibar alde interesatu gisa azaldu zen, informazioa eta espedienteak lehen eskutik ezagutu ahal izateko, gure betebeharra baitzen Klubaren kudeatzaile garenez", aipatu du.

"Legeen betetzea gizarte aurrerakoi eta demokratikoen sintoma da. Gauza ona da klubek legea eta gainontzeko betebeharrak zorroztasunez betetzea, eta enpresa gisa kudeatuak izatea. Pasa den urtean egoera dramatikoa bizi izan genuen guk kapital hazkundearen harira, eta eskatutakoa bete egin genuen. Normaltasuna eta legeen betetzea zorroztasuna dagoenaren sintoma da, eta gauzak ondo doazenarena".

Gaur egun "Lehen Mailako eszenatokian gabiltza lanean, nahiz eta hala izango dela erabat garbi ez daukagun oraindik, eta horrek zailtasunak dakartza", esan du Aranzabalek.

Entrenatzailearekin eta zenbait jokalarirekin Klubak zituen kontratuen harira, Lehen Mailan geratzearen mende zeudenak, "kasu bakoitza aztertu behar da, eta gaur bertan hasi gara lanean".

Entrenatzailearen kasuan, Bigarren Mailara jaitsi ziren egunean Gaizka Garitanok berak adierazi zuen moduan, "ziklo baten amaiera dela uste dugu". "Entrenatzailea datorren proiektuaren funtsezko pieza izango da", adierazi du.