Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko lege berriak tabakoaren eta alkoholaren kontsumoa debekatu du Ipuruan
Legebiltzarrak apirilaren 7an onartutako lege berriak kirol-instalazioetan alkohola eta tabakoa saldu edo kontsumitzea debekatu du
Lege berriak kirol-instalazioetan alkoholaren eta tabakoaren salmenta eta kontsumoa arautzen ditu, eta larunbat honetan aplikatu eta bete beharko da, Lehen Mailako bi talde gipuzkoarren arteko Ipuruako partidan.
Arauaren arabera, debekatuta dago kirol-instalazioetan erretzea, baita erantsitako eremu itxi, erdi-itxi eta aire zabalekoetan ere. Hortaz, Ipuruara doazen zaleek ezingo dute tabakorik kontsumitu estadioan, eta zigarreta elektronikoei ere eragingo die legeak.
Adikzioen legeak zigorrak ezarri ditu aipatutako espazioetan egiten diren arau-hausteentzat: 30 eta 600 € arteko isunak arau-hauste arinentzat; 601 eta 10.000 € artekoak larrientzat eta 10.001 eta 600.000 € artekoak oso larrientzat. Azken horien kasuan gainera, isunaz gain, establezimendua erabat edo zati batean itxi daiteke, 2 eta 5 urte artean.
Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legea EHAAn apirilaren 13an argitaratu zen eta apirilaren 14an jarri zen indarrean. Hortaz, SD Eibarrek legeak agindutakoa beteko du Ipuruan SD Eibarrek eta Realak jokatuko duen hurrengo partidan bertan hasita.
Arau berria indarrean dagoela jakinarazteko kartel batzuk jarriko dira, erretzea eta alkohola saldu eta kontsumitzea debekatua dagoela adieraziz. Gainera, megafoniaz gogoraraziko da hori eta kanpaina bat abiaraziko da sare sozialetan futbol-zelaira hurbiltzen diren zaleak kontzientziatzeko.