
Yerai Martin: "Real Madrid arerio zaila da baina prest gaude biharko partidarako"
Armaginak, partida gabeko bi asteren ondoren, Real Madrid, Levante Las Planas eta Atletico de Madriden aurka jokatuko dute 10 egunetan
Ia bi aste partidarik jokatu gabe egon eta gero, Eibar Ipuruan dago bueltan Real Madriden aurkako partida jolasteko (larunbata, azaroaren 4a, 18:30etan). F Ligako areriorik zailenetakoa dela adierazi du partida aurreko prentsaurrekoan Yerai Martinek.
Entrenatzaileak azaldu du Villarrealen aurkako partidan indartsu egin zieten alderdiak indartzeko lanean aritu direla azkeneko bi aste hauetan: "Defentsa arean, elkartu behar zirenean, bloke altuan... hori guztia indartu dugu eta hortik aurrera, bai baloiarekin eta baita baloi gabe ere, denbora izan dugu ondo prestatzeko".
Areriorari dagokionez, talde zaila espero dute: "Partida zaila espero dugu, bai erritmoari begira eta baita intentsitateari begira ere; jokalari oso onak dituzte eta maila altukoak, baina prest gaude biharko partidarako".
Gainera, partida gabeko astea izateak hobeto prestatzeko tartea ematen dutela esan du Yerai Martinek, baina orain hiru talde indartsuei aurre egin beharko dietela hamar egun baino gutxiagoan: "Karga oso altua da hainbeste partida dauden aste hauetan, baina horren alde ona da normalean minutu gutxiago izaten dituzten jokalariei aukera eman ahal diegula".
Bihar Real Madriden aurka jokatuko duten partida eta gero (Ipurua, 18:30), asteazkenean Erreginaren Kopako hirugarren kanporaketa jokatuko dute Levante Las Planasen aurka (Ipurua, 19:00) eta larunbatean, hilak 11, Atletico de Madriden aurka Alcalá de Henaresen (Wanda Alcalá de Henares, 12:00).