SD Eibarrek zaleekin estreinatu du azken gamako autobus dotorea
Autocares Olabarriak, erakunde armaginarekin elkartutako enpresak, Irizar enpresako I8 azken modeloa erosi du
Gaur goizean, Eibarrek hitzordu garrantzitsua zeukan betidanik bidelagun izan dituen enpresetako batekin: Autocares Olabarria. Jabea eta taldearen konfiantzako gidarietakoa den Joxeanek bere flotarako unitate berria jaso zuen, Irizar enpresak ekoitzitako I8 modeloa, hain zuzen ere.
Sare sozialen bidez zale guztiei egindako deialdiaren ostean, taldeak argi eta garbi zeukan zale askok SD Eibarko lehenengo taldeko autobus ofizial berria ezagutu eta bertan bidaiatu nahi zutela. Hartara, gaur goizean, ilusioz eta urduritasunez betetako ekitaldiaren ostean, zorioneko zale batzuek autobuseko eserlekuetan jesartzeko eta bidaiatzeko aukera izan dute, aurkarien futbol-zelaietara iristeko haien idoloetako batzuek bertan kilometro asko egingo dituztela jakinda.
Ekitaldian, SD Eibarko Marketineko Gema Baqué zuzendariak eskerrak eman ditu autobus berriaren arrakastan engaiatutako bi enpresen inplikazioagatik. “Taldearen autobusa berritzeko orduan, Irizar enpresara jotzea erabaki dugu, punta-puntakoa delako bere sektorean. Ehunetik gora urte ditu, eta, ia-ia hasieratik, berarekin bidaiatu du taldeak. Oso gogoan eduki behar dugu Joxean Olabarriaren aitonak Irizar markako autobusean zeramala taldea 1953. urtean, urte hartako amateurren txapelketa ospatzean ateratako argazkietan ikusten den bezala”.
Autobus hau taldearen irudia izango da nonahi, bere historia oso gogoan daukan taldearen balioak ahaztu gabe. Hain zuzen ere, horixe bera egiaztatu du Baquék hedabideen aurrean. “Guretzat denboraldi honetako mugarri handia da taldearen autobusa berritzea. Eibarrek hirugarren denboraldia jokatuko du Lehen Mailan, eta egoera goitik behera aldatu da orain dela urte gutxitatik hona. Une honetan, gauzak egin ditzakegu, eta, beti egin dugun bezala, oinak lurrean edukita, taldearen irudia hobetu eta legatu iraunkorra eratu ahal izango dugu”.
Unitate berriaren kanpoko aldea SD Eibarren irudi korporatibo berrira dago egokituta. Barruko aldean, gainera, hobekuntza guztiak ezarri dira erosotasunari eta teknologiari begira, Irizarko Espainiarako eta Portugalerako zuzendari komertziala den Miguel Ángel Pérezek azaldu duen bezala. “Lehen mailako SD Eibar taldeak lehen mailako autobusa eduki behar du, 410 cv-ko Scania E6 bastidorea daukan i8 autobusa, alegia. Irizar i8 Irizar lantegiko autobus bereizgarriena da, hau da, markako gama gorenekoa. Diseinu berritzailea dauka benetan. Bere egitura diseinatu eta kalkulatzean, Europako ingeniaritza-enpresa ospetsuenetakoarekin lan egin dugu. Barruko eta kanpoko aldeko argi guztiak led teknologiaren bidez garatu dira, eta aurreko argiak Irizar diseinu esklusiboko bi-ledak dira. Eroso-eroso gidatzen da, gidariarentzako lekua zabala delako. Gainera, aginte-panela bera ere ergonomikoa denez, gidaria erraz-erraz iristen da tresna guztietara. Are erosoagoa da bidaiarientzat, garaiagoa eta garbiagoa da, zorua lisoa da eta erosotasun zein ergonomia handieneko eserlekuak ere Irizarrentzat modu esklusiboan diseinatutakoak dira. Azken batean, goi-mailako taldearentzako goi-mailako autobusa da”.