SD Eibarrek Sportingen aurkako Kopako partidurako sarrerak emango ditu elikagai sorten truke
SD Eibar Fundazioaren, Eibarko Udalaren, Gipuzkoako Elikagai Bankuaren eta BM Supermerkatuen kanpaina asteazkenean hasiko da
SD Eibar Fundazioak, Eibarko Udalarekin, BM Supermerkatuekin eta Gipuzkoako Elikagai Bankuarekin elkarlanean, elikagai sorten truke Sportingen aurkako Kopako partidurako (Ipuruan, abenduaren 21ean, 19:00etan) sarrerak emateko kanpaina jarri du martxan.
Kanpaina asteazkenean hasiko da, hilaren 14an, Eibarko BM Supermerkatu parean 17:00etatik 20:00etara egingo den elikagai ez galkorren bilketarekin. Ekintza honetan Eibarko hainbat jokalari egongo dira eta Klub armagineko beste ordezkari batzuk ere.
Hurrengo egunetan, Ipuruako bulegoetara (astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara) hurbiltzen direnek elikagai sortak SD Eibar-Gijongo Sporting partidurako sarrerengatik aldatu ahal izango dituzte.
Elikagai Bankuak gehien behar dituen elikagaien artean arroza, pasta, lekaleak, elikagai ontziratuak, esne ontziratua eta, batez ere, haurrentzako poteko elikagaiak eta ahia daude, eta baita pixoihalak ere.