Skip to main content
EU
Lehen Taldea

SD Eibarrek penaltietan galdu du New York Cosmosen aurka denboraldiko azken partidan

Armaginek porrot batekin amaitu dute Estatu Batuetako bira; Cosmosen kontrako partida 2-2 amaituta, penaltietan galdu dute (7-6)

Las Vegasko Sam Boyd estadioan jokatu dute armaginek denboraldiko azken partida, eta hor ere amaiera eman diote Estatu Batuetan egindako nazioarteko lehen birari.

Armaginek ez zioten aurkariari erreakzionatzeko astirik eman partida-hasieran; Gonzalo Escalantek lehen gola egin zuen Kekok albotik jaurtitako falta baten ostean.  Bost minutu geroago, Antonio Lunak etxeko atezaina gainditu eta baloia berriro sareratu zuen urrutitik jaurtita. New York Cosmosek ez zuen esku hutsik joan nahi lehen zatiaren ostean; hala, Dukek buruz gainditu zuen Asier Riesgo 11. minutuan.

 Bigarren zatirako hamaikakoa aldatu zuen New York Cosmosek, baita berdinketa lortu ere, Arrietak albotik erdiratu eta Dukek buruz errematatuta. Harrez geroztik, Eibarrek, saiatu bazen ere, ez zuen erdietsi penaltien txanda saihestea. Lillo, Antonio Luna, Borja Bastón eta Dabi Garciak asmatu egin zuten, baina azkenik Cosmos aurreratu zen David Diosaren jaurtiketari esker; horrenbestez, 5 eta 4 amaitu zen penaltien txanda New York Cosmosen alde.

 Atsedenaldian, LaLiga World-aren enbaxadore Raúl González iritsi zen, eta partida ikusi zuen New York Cosmos eta SD Eibar taldeen ordezkariekin batera. Arratsaldean harrera egin zieten azken horiei Las Vegasko udaletxean.

Eibarrek horrela eman dio amaiera nazioarteko lehen birari. Jokatutako lagunarteko bi partidetan garaipenik erdietsi ez badute ere pozik daude denboraldiaren amaieran, mailari eustea lortu baitute; erakundea une historikoa bizitzen ari da, gainera, historian lehen aldiz aukera izan baitu nazioarteko bira bat egiteko eta talde armaginaren akziodunak zein jarraitzaileak bertatik bertara ezagutzeko.