Skip to main content
Lehen Taldea

SD Eibarrek New York ezagutu du AEBetan eman duen lehen egunean

Atzerrian egiten duten lehen biran, SD Eibarrek lagunarteko bi partidu jokatuko ditu, Philadelphia Fury taldearen kontra aurrenekoa eta New York Cosmosen kontra bigarrena.

There are no reactions yet. Be the first!

Lehen taldeko jokalari guztiek hegazkina hartu zuten Bilboko aireportuan New Yorkera joateko. Ameriketara egiten duen lehen bisita honetan, New Yorkeko Euskal Etxean harrera beroa egin zioten taldeari jarraitzaile talde batek eta Iban Ubarretxena Euskal Etxeko lehendakariak.

Ostegunean taldeak denbora izan du hiri mitiko horretako bazter ospetsuenak ezagutzeko eta Times Squaren, Wall Streeten eta beste leku ezagun batzuetan familia-argazkia egiteko.

Arratsaldean Jose Luis Mendilibar entrenatzailea eta Adrián González, Dani García eta Izet Hajrovic jokalariak New York Cosmosen egoitzara joan dira eta prentsarekin hitz egin dute. Mendilibarrentzat, «aukera ederra da Cosmosen kontra jokatu ahal izatea. Herrialdea ezagutzera gatoz, baina baita maila handiko taldeen jokoa ezagutzera ere, eta Cosmos talde horietako bat da».

Gema Baqué SD Eibarreko marketin-zuzendariak klubak bidaia honetan lortu nahi dituen helburu nagusiak azaldu ditu. «Guretzat bidaia hau historikoa da: Estatu Batuak ezagutzeko aukera izango dugu, eta gainera gure armarria eta koloreak herrialde honetan ezagutarazi ahal izango ditugu. Nazioartekotzea klubaren helburu estrategikoetako bat da datozen urteetarako eta, horregatik, ondo baliatu behar dugu bira hau. Bestalde, denboraldia luzatzeko aukera ere bada, taldeari prestatzen jarraitzeko beste bi aste ematen dizkiolako. Bidaia honetan gure akziodunekin eta Eibar USA Peñarekin egongo gara. Topaketa horiek, dudarik gabe, oso atseginak izango dira».

New York ezagutu ostean taldea Philadelphiara joan da. Bertan izango dira igandera arte, hau da, Philadelphia Furyren kontrako lehen lagunartekoa jolastu arte.