SD Eibar Fundazioa, Futboleko Klub Profesionalen Fundazioen X. Bilkuran izan da
Bilkura RCDE Stadium-ean izan da eta bertan fundazioen gai nabarmen guztien inguruan eztabaidatu da
Bilkura RCDE Stadium-ean izan da eta bertan fundazioen gai nabarmen guztien inguruan eztabaidatu da
SD Eibar Fundazioak era aktiboan parte hartu du aste honetan zehar ospatutako Futboleko Klub Profesionalen Fundazioen X. Bilkuran.
Aurten, La Fundació RCD Espanyol izan da, Fundación LaLigarekin batera, RCDE Stadium-ean bilkura antolatu duena.
Bertan futbol profesionaleko 23 fundazio bildu dira eta euren esparruko gai garrantzitsuenen inguruan eztabaidatu dute, batez ere jarduera solidario eta sozialei buruzkoak. Inaugurazio-ekitaldian, klub txuri urdineko ordezkari nagusiak izan dira eta baita Olga de la Fuente ere, LaLigako fundazioaren zuzendaria.
Bertaratutakoek, besteak beste, LaLigako fundazioaren lantaldeak aurkeztutako “Fair Play Social” edo klub anfitrioiak aurkeztu duen “La tecnología en el ámbito fundacional” jardunaldietara hurbildu ahal izan dira. Azken honetan, fundazioetarako erabilgarriak izan daitezkeen berrikuntza teknologikoak aztertu dira. Era berean RCDE Stadiumetik bisita gidatua eskaini diete bildutakoei.
SD Eibar Fundazioak, bere partez, aktiboki parte hartu du “Recuperación de la memoria histórica y gestión de museos” hitzaldia emanez. Horrela, klub armagina talde handi zein txikietan memoria berreskuratzeko proiektu serio bat izatearen garrantzia nabarmentzen saiatu da. Era berean, Jon Arregi SD Eibar Fundazioaren arduradunak, fundazio armaginak dituen proiektuak azaldu ditu: “Ekialdeko Harmailan espazio berriak izan arte, behin-behineko museo bat jarri dugu. Gainera estadiorako bisitak eskaintzen ditugu, kartara, eta laster, publiko osoarentzat tour irekiak martxan jarriko ditugu”.
Arregiren ustez, bilkura hauen bitartez, kluben arteko lan-sinergiak sortzen dira. “Balorazioa oso positiboa da. Klub bakoitzak zertan ari den hurbiletik ezagutu daiteke, eta haiekin harremanak eta aliantzak sortu. Aurten “Fair Play Social” proiektua aurkeztu digute, Finantzen Fair Play-ari gehitzen zaiona. LaLiga eta bere markaren hedapenerako, kontrol ekonomikoa, balioen zabalkuntza eta eraldaketa soziala bezain garrantzitsua da”.
Informazio gehiago hemen: www.laliga.es/fundacion/noticias/exito-de-participacion-en-el-x-encuentro-de-fundaciones-de-clubes-de-futbol-profesional