SD EIBAR BIRUSA ERANSTEA, ABONATU KANPAINAREN HELBURUA
Abonatu berriak biltzeko publizitate kanpaina zirraragarria jarri du martxan Klub armaginak
SD Eibarrek publizitate kanpaina original eta zirraragarria jarri du martxan 2017era begira abonatu berriak biltzeko, Ekialdeko Tribuna berriaren irekierarekin Ipuruako edukiera handitu den une honetan.
Kanpainak atariko bat izan du gaur, partiduen aurretik Jose Luis Mendilibarrek eskaini ohi duen prentsaurrekoa egiten ari zen bitartean, SD Eibar birusaren zabalkunde arriskuaz ohartarazten zuten aktore bik prentsa-aretoa inbaditu dutenean.
Asteburu honetan hasiko da kanpainaren garapena eta abenduaren erdialdera arte luzatuko da. Hedabideetan publizitate ezarpenak egingo dira eta baita street marketing ekintzak ere Eibar, Elgoibar, Mendaro, Deba, Ermua, Zaldibar, Durango, Soraluze, Bergara, Elgeta eta Arrasaten, SD Eibarren birusa inguru geografiko hurbilean hedatzeko asmoz.
Abonatu berriak urtarrilean hasiko dira etxeko partiduez gozatzen (lehen itzulia amaitu baino lehen) eta gogoratu behar dugu 2017ari gogor ekingo diogula: Ipuruan jokatuko diren urteko lehen bi partiduak Atletico de Madrid eta FC Barcelonaren aurka izango dira.
- Kanpainaren azalpena: 2014az geroztik Eibarrekiko zaletasuna birus baten antzera hedatu da betiko eibarzale zein beste taldeetako zaleen artean. Gure taldea maitatzearen, koloreak sentitzearen, bere garaipenak bizitzearen eta gauzak ondo ez doazenean babestearen esanahia duen birusa. Espainiako biztanleriaren %5ak Eibar bere 3 talde gustukoenen artean kokatzen duela dakigu eta begikotasuna gora doa Bizkaia eta Gipuzkoan. Birusak hedatzen jarraitu dezala nahi dugu eta, horretarako, zaletu guztiak abonatzeko eta euren zaletasuna eransteko animatu nahi ditugu.