Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Riazorrek gogor egin zion berriz ere Eibarri

Lehenengo zatiko sasi-penaltiak eta bigarren zati irregularrak porrot eginarazi zion Eibarri

Riazor zelaiak gogor egin zion berriz ere Eibarri: 2-0 galdu zuen talde armaginak, baina Deporren maila berean jokatu zuen arbitroak 41. minutuan penaltia adierazi zuen arte. Ustez, Asier Riesgok aurrelari bat lurrera bota zuen, baina, argi eta garbi, haren kontra talka egin aurretik baloia ukitu zuen. Lucas Pérezek penaltia jaurti eta gola sartu zuen.

Eibarrek Deporren maila berean jokatu zuen lehenengo zatian eta nagusi ere izan zen tarteka, baina sakonera falta izan zitzaion arerioaren ateraino era arriskutsuan iristeko.

Hala, 22. minutuan Inui Saúlen ordez zelaira irten ostean (jokalari asturiarra lepoko minez zegoen, baina José Luis Mendilibarrek esan bezala, aldaketa taktikoa izan zen) eta 44. minutuan Luna gihar-sastada batez lesionatu ondoren, entrenatzaile armaginak ez zuen aukera handirik izan bigarren zatian partidaren joera bideratzeko.

Lehenengo zati onak, ostera, itxaropenak eman zizkien jokalariei bigarren zatiari begira, baina Eibar ez zegoen indarturik eta Deporrek hobeto jokatu zuen.

Luisinho 68. minutuan kanporatzeak ere ez zien armaginei gailentzen lagundu. Aldiz, galiziarrek arazorik gabe jarraitu zuten nagusi izaten, eta 73. minutuan puntu-kopurua areagotu egin zuten Arribasek korner baten irteeran egindako erremate batekin.

Erantzuna emateko gai ez zela, Eibarrek ohiko duen distira eta bizitasuna erakutsi gabe bukatu zuen partida.

Partida bukatu ondoren, Eibarreko jokalariek abenduaren 26ra arteko oporraldia hartuko dute. Orduan, arratsaldeko entrenamenduei berrekingo diete Ipuruan.