Ramis: Neurketa guztietan dugun dena eman eta sailkapeneko behealdea atzean utzi nahi dugu
Eibarko atzelariak norgehiagoka "bizia" izango dela uste du, "aurkari gogor" baten aurka
Ivan Ramisek gaur Atxabalpen emandako prentsa agerraldian taldeak "neurketa guztietan duen dena eman behar duela" adierazi du, "sailkapeneko behealdean egon daitezkeen taldeak ahalik eta urrutien uzteko".
Eibarko atzelariak Malagaren aurka 0-1 lortutako garaipenak "sentsazio onak" utzi dituela azaldu du. "Aurredenboraldi osoan zehar erritmoa hartzeko lanean egon gara, joan den denboraldian amaitu genuen erritmoa berreskuratu nahian. Egia esan, hiru puntuak oso garrantzitsuak dira".
“Ahalik eta azkarren zenbat eta puntu gehiago eskuratu hobe da, era horretan bigarren itzulian lasaiago egon zaitezkeelako. Ea horrela den. Eibarrek beti erakutsi duen agresibitatearekin lan egingo dugu, hori ziur",
“Klubaren lehenengo helburua mailari eustea da. Puntuak lortzen goazen heinean ikusiko da gure buruari beste helburu bat jartzerik ba ote dugun, baina lehendabizi mailari eustea dugu erronka".
Igandean Ipuruan Athletic Cluben aurkako norgehiagokari begira, Ramisek zehaztu du "neurketa zaila aurre ikusten dut, oso aurkari gogor baten aurka". "Dena ondo irtetzea nahi dugu. Neurketa bizia izango da, eta guk jokoa irakurtzen asmatzen badugu hiru puntuak etxean geratzeko esperantza dugu".