
Pedro Leon: Maila altuan jokatzen badugu, gauzak zail ipini diezaiokegu Real Madridi
Eibarko jokalariak Valladolid eta Getaferekin irabazi du Real Madrid
Pedro Leonek gaur prentsaurrekoan adierazi du bere “momentu onenean” dagoela eta “maila altuan jokatuta Real Madridi gauzak gaizki jarri ahal zaizkiola”.
“Badakigu Madridi irabaztea besterik ez diola balio, are gehiago etxean. Atzokoa ez zen emaitza ona izan eurentzat, baina badakigu Madridek, gaizki egonda ere, erraz irabazi ahal dizula. Hiru puntuak lortzera etorriko dira”.
Murtziako jokalariak adierazi du “pertsonalki pozik” dagoela. “Ondo sentitzen naiz eta partidua noiz etorri zain emaitza ona lortzeko”.
“Urteko partidu guztietan lehiatu gara, Baita Bernabeun ere. Etxeko partidu guztietan taldeak ondo jokatu du. Maila altuan jokatuz gero, gauza zail ipiniko dizkiogu Real Madridi, faboritoak direla eta munduko talderik onenetakoa dela jakinda”.
Pedro Leonek gogoratu du birritan irabazi diola Real Madridi, Valladoliden eta Getaferen kamisetekin. “ Partidu serioa egin behar da, taldearen maila onenean eta eurek egun onena ez izatea. Etxean ondo aritu gara partidu gehienetan, ondo lehiatu gara”.
“Kanpoko taldearekin etortzen nintzenean, Ipurua oso zelai zaila zen jokatzeko, jendeak asko estutzen duelako eta baita taldeak ere. Espero dut larunbatean berdin izatea eta eurak eroso ez sentitzea. Guretzat helduezinak diren armekin lehiatzen dira eurak, aurrekontu mailan adibidez, baina horrelako partiduetan kontu horiek ahazten dituzu. Horrelako talde handi bati irabaztea oso polita da”.
“Zazpigarren postuan gaude, seigarren postutik hiru puntura. Urte osoan berdin gabiltza, erregulartasun handiarekin. Urte polita egiten ari gara eta bide berean jarraitzea espero dugu, hortik ez jaistea eta ea nola amaitzen dugun urtea”.