Oscar Sielva eta Jose Corpas, 21/22rako lehen fitxaketa armaginak
Jokalari berriak Ponferradina eta UD Almeriatik datoz, eta 2024ra arte sinatu dute
Oscar Sielva eta Jose Corpas dira Eibarreko lehen bi fitxaketak 2021/22 denboraldirako. Biek hiru denboraldirako sinatu dute armaginekin, 2024ko ekainera arte, eta bihar goizeko 11:00tan aurkeztuko dituzte komunikabideen aurrean.
Oscar Sielva Ponferradinatik dator, azken denboraldi honetan Ligako 29 partida jokatu ditu, bederatzi gol sartuz eta asistentzia bakarra banatuz. Oloteko 29 urteko erdilaria RCD Espanyoleko harrobian hazitakoa da, eta duela hiru denboraldi iritsi zen Ponferradinara.
Gaur azterketa medikua pasatu eta gero, 2024ko ekainera arte sinatu du armaginen taldearekin.
Jose Corpas, Baños de la Encinako (Jaen) 29 urteko erdilaria da. Eibarrera UD Almeriatik iritsi da, azken denboraldian Ligako 39 partida jokatu ditu, 12 gol sartuz eta 6 asistentzia banatuz.
Corpasek eskarmentu handia du Bigarren Mailan, eta 114 partida jokatu ditu maila horretan. Duela hiru urte iritsi zen Almeriara Marbellatik, aurretik Linaresen aritu ostean, eta armaginekin 2024ra arteko kontratua sinatu du.