Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mikel Arruabarrenak utzita jokatuko du SD Huescan 2016ko ekainera arte

Eibarreko aurrelaria talde armaginera bueltatuko da denboraldi bukaeran

SD Eibarrek eta SD Huescak Mikel Arruabarrena aurrelari armaginak datorren ekaina bitartean utzita jokatzeko akordioa lortu dute.

Mikel Arruabarrena (Tolosa, 1983) Eibarreko lehen kapitaina zen, baina denboraldi honetan Kopako bi partidatan baino ezin izan du besokoa eraman, Ligan ez baita titularra izan.

Jokalari tolosarrak SD Eibarren ematen duen seigarren denboraldia da aurtengoa. 2009an iritsi zen, taldea Bigarren B Mailan zegoenean. 2010-2011 denboraldian Leganesen jokatu zuen utzita.

2012 eta 2014 bitartean, Eibarrek Bigarren B mailatik Bigarren mailara eta Bigarren mailatik Lehen mailara igo zenean, taldeko protagonista nabarmenetako bat izan zen Arruabarrena. Eibarrek eta Arruabarrenak berak Lehen mailan egin zuten lehen denboraldian, jokalaria golegile nagusia izan zen, 9 gol sartu baitzituen.

Aurtengo denboraldian, 57 minutu baino ez ditu jokatu 5 partidatan. Lehenengoan, gol bat egitea lortu zuen, Granadaren aurka. Horrez gain, beste bi partida jokatu zituen Ponferradinaren kontra Kopan, eta Leongo taldearen aurkako itzulerako partidan azken gola egin zuen, kanporaketa irauli zuena, hain zuzen ere.

Lehen mailan sartu dituen hamar golei esker, Lehen mailan egin duen historia laburrean Eibarrek izandako bigarren golegile handiena da Arruabarrena, Borja Bastónen atzetik (14 gol sartu ditu denboraldi honetan).

Mikel Arruabarrenak Eibarrekin 2016ko ekainak arte kontratua du. Taldeak Lehen mailari eutsiz gero, kontratu hori beste denboraldi batez luzatuko da automatikoki.