Mendilibarren iritziz “lehen gola egitean dago gakoa”
Eibarreko entrenatzaileak Sevillaren sendotasuna eta lehiakortasuna azpimarratu ditu
José Luis Mendilibarrek prentsaurrekoa eskaini du gaur Atxabalpen Sevillaren aurka jokatu aurretik egindako lan saioan (Sánchez Pizjuán, 22:00). Bere esanetan, neurketako "lehen gola egiten duena asko du irabazia". Horrez gain, entrenatzaile armaginak asteleheneko aurkariaren sendotasuna eta lehiakortasuna azpimarratu ditu.
Ostegunean kolpea jaso arren, Zaldibarko prestatzaileak talde ondo dagoela dio. “Ondo lehiatzen ari gara, egia da azken neurketan gehiago kostatu zitzaigula baina uste dut Sevillan ere ondo arituko garela”.
Mendilibarrek gogoratu du jaitsiera postuekin dagoen tartea berdina izaten jarraitzen duela. “Distantzia berdina da behekoekin. Batek gainera jardunaldi bat gehiago jokatu du. Hortaz, bost aukera ditugu hiru-lau puntu ateratzeko eta horretan zentratu behar gara”.
Astelehenekoaren inguruan azpimarratu du markagailuan aurretik jartzearen garrantzia. “Lehen gola sartzen duenak asko du irabazia. Berdintzea edota markagailua iraultzea oso zaila da galtzen hasten bazara. Gainera, beroa ere faktore garrantzitsua izango da. Ondo errekuperatu behar dugu fresko iritsi nahi badugu”.
“Partida batetik bestera beti aldatzen ditugu jokalariak. Lehenik eta behin, Sevillan pentsatu behar dugu eta ondoren Leganeseko partidan”.
"Ez dut uste Osasunaren aurka haiek baino nekatuago egon ginenik. Egia da minutuak banatu ditugula eta zentzu horretan ondo gaude".