Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: Lanaren erdia egina daukagu, baina beste erdia geratzen da

Eibarrek joaneko garaipena berretsi nahi du bihar Ipuruan

Jose Luis Mendilibar SD Eibarreko entrenatzaileak, El Molinen joaneko partidua 1-2 irabazi ostean, “lanaren erdia egina daukagu, baina beste erdia falta da”, adierazi du gaur.

Eibar eta Gijongo Sportingek Errege Kopako 4. kanporaketako itzuliko partidua jokatuko dute bihar Ipuruan (19:00etan).

Partidu honetarako, Mendilibarrek Asier Riesgo, Ivan Ramis eta Fran Ricoren bajak ditu lesioengatik, eta ez ditu Antonio Luna, Takasahi Inui eta Sergi Enrich deitu.

Entrenatzaile armaginak adierazi du biharko hamaikakoan Leganesen aurka aritu zen taldetik 8 edo 9 aldaketa egongo direla. “Nahiko ondo entrenatzen gabiltza. Gijonen ondo jokatu zuten eta eurekin kontatzen jarraitzeko bideari ekingo diogu”.

Nahiz eta kanporaketa bideratuta eduki, Mendilibarrek ez du egintzat ematen final zortzirenetarako pasea. “Gol bat sartzen badute, urduritasuna ageri daiteke. Bi txapelketa jokatzea gutxien jokatzen dutenentzako aukera bat da eta kanporaketa pasatzeko moduan borrokatuko dutela uste dut. Joaneko partiduko emaitza engainagarria izan daiteke. Dena eginda dagoen moduan irteten bagara, ezustekoa eman ahal digute. Gure ideia joaneko partiduan 0-0 egin bagenu bezala jokatzea da”.

Ligako lehen zatiari buruz galdetuta, nahiz eta lehen itzulia amaitzeko 3 partidu falta diren, “denboraldia ona ari du izaten”, aipatu du. “Iaz baino bi puntu gehiago dauzkagu. Seinale ona da, talde lehiakorra dugula uste dut, partidu denetan irabazteko moduan dagoena, eta horrek gugan sinisteko laguntzen digu. Denboraldi osoan lerro beretik jarraitzea espero dugu”.

Puntu gehienak etxean lortzea “ia talde gehienei gertatzen zaien zerbait da”, bere iritziz. “Etxetik kanpo etxean lortzen ditugun puntuak lortuko bagenitu, Champions postuetan egongo ginateke. Etxean jokatzeak indarra eman dizu momentu txarretan”.