Mendilibar: "Gure lehendabiziko helburua bihar garaipena eskuratzea da"
Entrenatzaile armaginak Espanyolen aurkako neurketarako deialdia aurreratu du
José Luis Mendilibarrek prentsa agerraldia eman du gaur, bihar Espanyolen aurka jokatu beharreko neurketaren atarian. Era berean, zaldibargoak deialdia aurreratu du, eta Riesgo, Dmitrovic, Capa, Peña, Lombán, Paulo, Jovanovic, Cote, Juncà, Dani García, Escalante, Pape Diop, Joan Jordán, Pedro León, Alejo, Ángel López, Charles eta Kike García izango dira Bartzelonara bidaiatuko dutenak. Tartean da filialeko Angel Lopez, deialdiko ezusteko nagusia.
Entrenatzailearentzat ezinbestekoa da bihar markagailuan aurretik jartzea. "Gola egiten duenak irabazteko aukera handiak izango ditu. Gol egitea kostatzen ari zaigu, baina beraiek ere ez daukate soberan", azaldu du. "Irabaztea zaila dago. Garaipenak lortzeko dinamikan zaudenean galtzea hurbilago egon ohi da, eta alderantziz ere hala da. Irabaztera zelairatuko gara. Aurrekoan partida hasieran galdu genuek norgehiagoka. Hainbeste erraztasun ez ematen ahaleginduko gara, eta garaipena eskuratzeko borrokatuko dugu", adierazi du.
Talde irregularra da Espanyol, Mendilibarren ustez. "Valentziaren aurka neurketa ona jokatu zuten, arriskua sortuz erasoan, baina azkenekoan denboraldian zehar erakutsitakoa egin dute. Neurketa onak jokatu dituzte, baina ez beraiek nahi beste. Hala ere, beraien zaleen aurrean irabaztera irtengo dira".
Pedro Leonen kontratu luzapenagatik ere galdetu zaio. "Berarentzat eta klubarentzat albiste bikaina da. Ez da zalantzan jarri Pedroren maila. Akordio azkarra izan da, eta albiste benetan ona da", azaldu du.