Mendilibar: Baliteke Valencia estu etortzea, haien helburua dauden tokitik urrun baitago
Eibarren baja seguru bakarra Eddy Silvestre izango da, lesionatuta baitago
José Luis Mendilibar Eibarren entrenatzaileak esan du igandean Ipuruan jasoko duten arerioa, Valencia, «estu» irits daitekeela partidara, sailkapenean «orain dauden lekutik nahiko urrun» baitago haien helburua.
Mendilibarrek bihar emango du partida horretarako deialdia, baina printzipioz aurreikusten da Dani García, Gonzalo Escalante, Borja Bastón behintzat bertan izatea, aste guztia hainbat min atzean uzteko lanean pasatu eta gero.
«Guk irabazteko jokatzen ditugu partida guztiak eta azken hirurak galdu egin ditugu. Horrek zer edo zer esan nahi du, eta gaizki egindakoa konpondu egin behar dugu», esan zuen Mendilibarrek, Ligan Real Madril eta Realaren kontra eta Kopan SD Ponferradinaren kontra galdutako partidak gogoratuz.
Gaineratu zuen taldeak alor batzuk hobetu behar dituela, hala nola «erasora iritsi nahi izatea eta edozein unetan gol-aukerak izateko aukera edukitzea», bere esanetan, alderdi hori pixka bat galdu egin baitu Eibarrek azkenaldian. «Gure ideia da daukagunarekin konforme ez egotea eta gehiagoren bila joatea beti», gaineratu zuen.
«Badakigu aste zaila izan dugula, hiru porrotekin. Valenciaren kontra, pentsatu behar dugu talde txikia garela baina badaukagula irabaztea, erraza izango ez den arren, kalitatezko talde baten aurrean baikaude», adierazi zuen.
Taldeak lesioengatik edo giharretako ondoezengatik jokalari batzuk galdu ditu azken asteotan, eta horren harira Mendilibarrek esan zuen «talde guztietan» daudela lesionatutako jokalariak eta «urte osoan izango dugun zerbait» dela. «Nahiago dut jendea lesionatzea edo 75. minutuan nekatuta egotea gogor entrenatzen dutelako eta partida eta entrenamenduetan gogoa eta interesa jartzen dutelako», nabarmendu zuen.