Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: "Atletico bezalako talde baten aurka ezin dugu oparirik egin"

Eibarreko entrenatzaileak iritsi berri den Cristóforo sartu du deialdian

José Luis Mendilibarrek prentsaurrekoa eskaini du Atletico Madrilen aurka jokatu aurreko egunean (21:00). Entrenatzaile armaginak adierazi du, "Atletico bezalako talde baten aurka ezin dugu oparirik egin".

Eibarreko prestatzaileak ondo ikusi du taldea Kopako bigarren kanporaketa gainditu eta gero. “Burutik ondo gaude. Entrenamenduak ondo joan dira. Jendea ondo dago, lesio asko ditugu baina talde bezala aurrerapausuak eman ditugu eta hobeto gaude. Espero dut berdin jarraitzea. Eta talde moduan ondo egoten bagara uste dut gure aukerak izango ditugula”.

Mendilibar iritsi berri den Cristofororen inguruan ere aritu da. “Ausarta da, alde batera eta beste mugitzeko ahalmena du. Baloiarekin ona da eta bere lehenengo pentsamendua baloia duenean aurrera egitea da. Hori garrantzitsua da guretzat”. Prestatzaileak deialdian sartu du uruguaiarra, “ondo dago. Ez du partida askorik jokatu baina azken hilabetean kopako bat eta ligako bat jokatzetik dator. Nik uste dut prest dagoela jokatzeko. Horregatik sartu dugu deialdian”.

Aurkariaren egoera ere aztertu du Eibarreko entrenatzaileak. “Superkopa jokatzetik datoz. Azken urte mordoetan Europan azken kanporaketera arte lehiatzen egon dira. Ligan ere hor ibiltzen dira, Real Madril eta Bartzelonarekin azken unera arte”.

Mendilibarren esanetan, “Talde oso ona dute, jokalari onak, entrenatzaile oso ona, eta gainera, talde txikien antzera jokatzen badakite. Ez dira urduri ipintzen, beren momentuak itxaroten dituzte eta normalean etekina ateratzen diete. Batzutan aurrera joaten dira eta beste batzutan atzean egoeta nahiago dute. Atepean ere atezain oso ona dute. Horrek konfiantza ematen die. Aurreruntz ez dituzte hamar aukera egin behar gola egiteko. Geldikako jokaldietan ere ondo moldatzen dira”.

Zaldibarrekoak azpimarratu du garrantzitsua izango dela Atletico markagailuan aurreratzen ekiditea. “Gola sartzen badute zailagoa izango dela guretzat zerbait ateratzea. Aurrera egin behar dugu jakinda eurek zer duten goikaldean. Kontraerasorako atea zabalik uzten badugu mina egingo digute”.