Luzapenagatik izan ez balitz, sorpresa emango ziokeen Eibarreko neskek liderrari
Armaginek 2-1 galdu zuten, baina albisterik txarrena Haizea Riberaren lesioa izan zen
Emakumezkoen taldeak ia-ia sorpresa eman zuen EDF Logroño liderraren zelaian, baina luzapenean jasotako gol batek saririk gabe utzi zuen taldea. EDF Logroñok ez du partida bakar bat ere galdu ligan (19 garaipen eta 2 berdinketa).
Edonola ere, albisterik txarrena Haizea Riberoren belauneko lesioa izan da, oraindik diagnostikatu gabe dagoena. Duela gutxi hasi zen berriz jolasten, belauneko beste lesio larri bat jasan ondoren.
Pradoviejon jokatutako partida zaila susto batekin hasi zen armaginentzat. Izan ere, 3. minutuan, Logroñoko jokalari batek baloia zutoinera bidali zuen, partidako lehen gola egiteko guztia alde zuenean. Hortik aurrera, berdintzen joan zen partida, zorroztasun taktiko handiarekin. Irati Lazkano aurrelariak jaberik gabeko baloi bat bereganatu eta 0-1eko abantaila eman zien armaginei 28. minutuan.
Hurrengo minutuetan aurreko joera gailendu zen berriro ere, eta atsedenaldia baino minutu batzuk lehenago Haizea Ribera jokalari eibartarrak denboraldi honetako bigarren lesioa jaso zuen belaunean.
Bigarren zatia berdin hasi zen, armaginek erasoko jokalari freskoak sartu eta errioxarrek arriskatzea erabaki eta hiru defentsarekin jolasten hasi ziren arte. Orduan izan zuen Eibarrek partida erabakita uzteko aukera, baina ez zuen golik egitea lortu. Aurrena, Ainhoa Alonso izan zen, baina bere jaurtiketa langaren gainetik joan zen. Bigarrena argiagoa izan zen, Ainhoa Alonsok Irati Lazkanori pase bikaina eman eta atearen aurrean bakar-bakarrik uzterakoan, baina Eibarko jokalariaren errematea zutoinaren ondotik joan zen kanpora.
Eibartarrak kontraerasoan ari ziren, bertakoen etengabeko eraso-jokoari etekina atera nahian, baina 76. minutuan errioxarren defentsaren bizkarrera botatako baloi luze batek Iratxe atezainari zalantzak sortu zizkion. Atezainak aurrelari batekin talka egin zuen eta, zorte txarrez, baloia atean sartu zen.
Bazirudien partidak berdinduta bukatu behar zuela, baina 93. minutuan errioxarrek gola egin zuten. Ezkerreko hegaletik erasoko jokaldia egin, eta baloia zutoin ondo-ondotik sartu zen. Iratxe atezainak baloia ukitu zuen, baina ezin izan zuen jaurtiketa gelditu.
Porrot mingarri horren ondoren, armaginak jaitsiera-postuetatik 5 puntura daude, liga amaitzeko lau jardunaldi falta direnean.
Eibarren hamaikakoa: Iratxe, Naiara, Alaitz, Olatz, Irune, Melani, Maitane, Ainhoa Larruskain, Haizea Ribera (Ainhoa Alonso, 46. min), Irati (Yaiza, 69. min) eta Ane Egaña (Haizea Lomba, 57. min)
Golak: 0-1: Irati, 28. min, 1-1: 76. min, 2 -1: 93. min.