Jota Peleteiro: Eibarrekin Lehen Mailan jokatzeko gogoz geratu nintzen
Bere aurkezpenean, jokalari armagin berriak aitortzen du Espainiara itzultzea erabaki zuenean, Eibarrera bueltatu nahi zuela
Jota Peleteiro Ingalaterrako Brentford taldeak utzita jokatuko du 2017ko ekainak arte eta bere aurkezpenean “Eibarrekin Lehen Mailan jokatzeko gogoz” geratu zela esan zuen.
Peleteiro 2013-2014 denboraldian Lehen Mailara igo zen Eibarren protagonista nabarmenetako bat izan zen. Horren ondoren, Ingalaterrako taldeak fitxatu zuen.
“Oso alai eta gogotsu nago hona bueltatzearren. Hau beti izan da nire etxea. Espainiara bueltatzeko aukera agertu zenean, nire agenteak bazekien ni Eibarren jokatu nahi nuela. Jokalariak eta klubak gauza berbera nahi badute, azkenean, akordioa lortzen da. Lehenengo kontaktuak beste taldeekin izan ziren, baina Eibarrek interesa zuela jakin genuenean, ez nuen beste aukerarik baloratu”, adierazi zuen prentsaurrekoan.
Jotak esan zuenez, kluba “asko hazi da, instalazioei eta egiturari dagokionez”. “Lehen Mailako zerrendan goiko aldean dagoen taldea da eta hilabetez hilabete haziz doa. Oso pozik nago proiektu honetan parte hartzeagatik”.
Taldean lekua aurkitzeko dituen aukeren inguruan, hurrengo hau adierazi zuen: “hau futbola da eta talde guztietan gauzak ondo egin behar dituzu eta entrenamendu bakoitzean postua irabazi. Badakit taldean garrantzitsua izan naitekeela, baina hori entrenamenduetan irabazi beharko dut. Ehuneko ehunean nago taldearen eskura eta orain entrenatzailea konbentzitu behar dut”.
Era berean, 2015ean izan zuen orkatilako lesioa “ahaztuta” dagoela esan zuen. “Hilabete eta erdi daramat denak emanda entrenatzen eta bost neurketa jokatu ditut”.
Alex Aranzabal SD Eibarreko Presidenteak esan zuenez, Peleteiroren fitxaketa “aurreko urteko akatsak zuzentzen saiatzen ari” diren seinale da. Izan ere, denboraldi hartan, taldeak behera egin zuen erabat bigarren itzulian.
“Jokalari garrantzitsua aurkezten dugu gaur, asko gehituko duena. Klub hau asko handitu da eta elitean finkatzeko pausoak ematen jarraitzen du. Seriotasun osoz hartzen dugu apustu hau. Taldea elitean finkatzen ari gara”, gehitu zuen.
Fran Garagarza Klubeko Kirol Zuzendariak, bere aldetik, Jota errefortzu garrantzitsua dela adierazi zuen, bere balio-aniztasunari esker, entrenatzaileak leku ezberdinetan erabili ahal duelako.
“Entrenatzaileak aurrelari bat ekartzeko aukera galdetu digu. Baina lagungarria izan daitekeen eta plus bat eman dezakeen aurrelaririk lortzen ez badugu, ez dugu ekarriko. Inor ekarriz gero, taldea hobetzeko izango da. Bilatzen ari garena lortzen badugu, ez da soilik denboraldi honetarako izango, hurrengo denboraldia ere buruan izango dugu”, esan zuen.