Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Hirugarrenean iritsi da garaipena!

Eibarrek denboraldiko lehen garaipena lortu du Burgosen aurka (0-1)

Hirugarrenean iritsi da. Eibarrek denboraldiko lehen garaipena lortu du Burgosen aurka Ligako hirugarren partidan. Garitanoren taldeak garaipenen markagailua estreinatzea lortu du Jose Corpasek bigarren zatiko azken ordu laurdenean sartu duen golari esker.

Eibarri kosta egin zaio lehen zatian bere erritmoa ezartzea. Burgos kontraerasoan min egiteko aukeraren zain egon da eta armaginen zehaztasun falta aprobetxatu du Ander Canterok defendatutako atera arriskuan eramateko. Etxekoak aurretik jartzeko abagune garbia izan dute korner baten irteeran, baina Cordobaren errematea gutxigatik joan da.

Bigarren zatian, etxeko taldeak ezustekoa ematen ahalegindu da berriro. Baina minutuek aurrera egin ahala, Eibarrek kontrola hartu du eta aurkariaren ate ingurura iristen hasi da. Lehen ordua gaindituta, Stoichkovek bi aukera izan ditu taldea aurreratzeko. Herrero atezainak geldiketa bikaina egin behar izan du eibartarren gola saihesteko.

Armaginen lanak saria izan du 76. minutuan. Corpasek etxekoen aldaratzea jaso du bigarren zutoinean, eta bi aldiz pentsatu gabe, boleaz jo du baloia botatzen utzi gabe. Jauriketa zutoinean jo eta gero, sare barrurako norantza hartu du. Ostera, armaginek partida erabakita uzteko aukera izan dute kontraerasoetan, baina ez dute asmatu. Lehia amaieran, Garitanoren taldeak hiru puntuak eskuratu ditu estreinakoz. Datorren astean Leganes hartuko dute Ipuruan.