Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Hajrovic: Nire ibilbidean zehar talde onetan jokatu izan dut beti, eta Eibar horietako bat da

Izet Hajrovic, SD Eibarren jokalari berria aurkeztu dugu gaur. "Nire ibilbidean zehar talde onetan jokatu izan dut beti, eta Eibar horietako bat da", horregatik aukeratu du Ipuruara etortzea.

"Eibar gustoko dut, talde ona da eta Ligan jokatu nahi dut", adierazi du Hajrovic-ek, Werder Bremen-ek utzita datorrena denboraldi baterako.

Bruggen (Suitza) jaio zen duela 24 urte eta internazionala da Bosni-Harzegovinako selekzioarekin, zeinarekin 21 bider jokatu duen. Suitzako 21 urtez azpiko eta maila goreneko selekzioekin ere jokatu izan du.

Hajrovic-en hitzetan, taldekideak oso "baikorrak" dira eta Klubari zein hiriari buruz iritzi ona du. "Urte ona izango dela uste dut Eibarrentzat". Fisikoki prest dagoela esan du, eta Mendilibarrek Malagaren aurka zelaian sartuko balu prest legokeela.

Klubaren presidentea den Alex Aranzabalen hitzetan, "Hajrovic-en kalitatea ezaguna da, erasoan gauza asko eman dezakeena". Bestalde, gogora ekarri du, duela bi hilabete, uztailaren 10an, Eibarrek lehen bi fitxaketak aurkeztu zituela (Gontán eta Luna), eta hauxe azkenekoa dela, hamabostgarrena, alegia.

"Lan intentsoa egin dute Kirol Zuzendaritzak, Kirol Komisioak eta Klubak", taldea osatzeko helburuarekin. Elcheren jaitsiera administratiboak Lehen Mailara ekarri du Eibar lau epaiketa pasa ostean, babesle aldaketa izan da, kirol arroparen marka aldaketa eta ipar tribunaren eraikitzea. "Uda lanpetua izan da guztiontzat eta gauza asko gertatu dira".

Kirol Zuzendaria den Fran Garagarzaren hitzetan, "Hajrovic-ek eskaintza hobeak izan ditu, diru kopuru bikoitza zein hirukoitza eskaintzen ziotenak, eta Eibarrera etortzea aukeratu du", "espainiar ligan egon nahi zuelako". Inui eta Hajrovic-ekin aurrelarien aurretik dagoen marra itxita utzi dugu, jokalari ezberdinekin. Izet ezkerra da eta bi aldeetan joka dezake, baina hobeto aritzen da eskuin hegalean".

"Oso pozik nago egindako kontratazioekin. Klubak topera egin du lan eta maila altuan aritu gara. Entrenatzaileak, lan saioetan taldeak hegan egiten duela aipatu dit gaur, jokalaren beraien exigentziari esker".