Skip to main content
EU
Kluba

Gol-festa armagina (III). Calahorra atea defendatzera etorri zen Ipuruara eta sei gol jaso zituen

Eibarrek 6-0 irabazi zion Errioxako taldeari 1951ko abenduan

Calahorrak gol-zaparrada handia jaso zuen 1951-1952 denboraldian Ipuruara egin zuen bisitan. Errioxarrak defentsarako bokazio argiarekin atera ziren partidara eta sei gol jaso zituzten.

Neurketa 1951ko abenduaren 9an jokatu zen eta Eibarren historiako gol-festarik handiena izan zen (estatu mailako kategorian).

Armaginen bigarren denboraldia zen Hirugarren Mailan. Aurreko urtean txapeldun izan baziren ere, ez zuten Bigarren Mailara igotzea lortu promozio liga jokatu eta gero.

Lehia hartan Jose Luis Duque Eibarreko aurrelaria izan zen golegile nagusia.

Eibarren hamaikakoa hauxe izan zen: Marquijana, Echevarria, Fructuoso, Valdes, Perez, Kaiku, Odriozola, Galardi, Duque, Sarasqueta II, Aranegui. Zelaia oso egoera txarrean zegoen, meteorologiak larriagotuta. Epailea Mugica izan zen.

Garai hartako prentsak ohartarazi zuen Calahorra bere burua defendatzera baino ez zela etorriko Ipuruar. Hartara, normalean jokatzen zuten bost aurrelarietatik batek ere ez zuen jokatu hasieratik.

Hala ere, 32. minutura arte ez zen markagailua mugitu, Perez atzelariak falta bat atera eta Jose Sarasqueta kapitainak buruz errematatu zuen arte. Lau minutu geroago, Duquek gola sartu zuen eta 2-0koarekin iritsi zen atsedenaldira.

Calahorrak bere lerroak ireki zituen bigarren zatian eta 15 minuturen buruan, Luis Mari Araneguik hirugarren gola sartu zuen. 18 minuturen buruan, berriz, Duquek egni zuen laugarrena Galardiren pasea errematatu eta gero. 33 minutura Araneguiren pase baten ostean, Duque bilbotarrak ezkerrarekin sareratu zuen baloia beste behin. Azkena 41. Minutuan iritsi zen. Fructuosoren jaurtiketa baten ostean, Duquek bere laugarren gola sartu zuen buruz.

Jipoia jaso arren, prentsak Calahorraren defentsaren sendotasuna azpimarratu zuen.

Eibarren zelai erdian Jose Maria Galardi Arzak 20 urteko gaztea nabarmendu zen. Realak utzita zegoen eta Eibarren 51-52 denboraldian jokatu ondoren, bederatzi denboraldiz Lehen Mailan donostiarrekin jokatu zuen.

Une hartan, Eibarrek Burgosen aurka lehia gogorra zuen sailkapenaren buruan. Ligaren amaieran, gaztelarrak izan ziren txapeldun eta Eibarrek baino puntu bat gehiago lortu zuten. Hori dela eta, armaginek ez zuten promozioa jokatzeko aukerarik izan, denboraldi horretan ez baitzen jokatu.

Azken aurreko denboraldia izan zen Duquerentzat erretiratu aurretik. 33 urte zituen arren, golegile nabarmena izaten jarraitzen zuen. Eibarrekin hurrengo denboraldia, 52-53 saoia, jokatu zuen. Hartan, hirugarren saiakeran,  Eibarrek Bigarren Mailara igotzea lortu zuen arte.

Datu hauek, SD Eibar Fundazioko Patronatuko kidea den Jesus Gutierrez historialariarengandik eskuratu dira.

Argazkiak (Eibarko Udal Artxiboa):

- Ipurua. Hegoaldeko tribuna, obretan

- Marquijana atezaina

- José María Galardi, Realak utzita