
Glauder: "Horrelako klub batek deitzen dizunean, ezin duzu pentsatu"
Ezker hegalekoa atzelaria goizean aurkeztu da hedabideen aurrean
Cristian Glauder goizean aurkeztu da Eibarreko jokalari. Ezker hegaleko atzelariak klubaren proposamena onartzeko zalantzarik ez zuela izan adierazi du. "Berehala baietz esan nuen, pozik nengoen etorri ahal izateko aukerarekin. Horrelako klub batek deitzen dizunean, ezin duzu pentsatu".
Glauderren hitzetan, "oso klub serioa eta ezaguna zela esan zidaten. Bi egun daramatzat hemen eta egiaztatu dut".
Fuenlabradako jokalari ohia "ilusio handiarekin" batu da Eibarren proiektura. "Taldekideak eta entrenatzailea ezagutzeko gogoa dut, eta ahal dudan neurrian laguntzeko. Egunez egun joan behar dugu, hori da bidea. Bakoitzak gure hondar alea jarri eta norabide berean arraun egin. Hori egiten badugu, denboraldia ona izango da".
Atzelariak ondo ezagutzen du txapelketa. 71 partida jokatu ditu Smartbank Ligan. "Bigarren maila oso lehiakorra da. Detaile txikiek garrantzi handia dute. Defentsan sendo jokatzen badugu, irabazi asko izango ditugu", adierazi du.