
Geldikako jokaldiek eta Aduriz eraginkor batek saririk gabe utzi dute Eibar ausarta
Borja Bastónek bi gol sartu eta aurretik jarri zituen armaginak, baina Athletic hobea izan zen
Eibarrek ezin izan zuen jarraikako bosgarren garaipena lortu eta 5-2 galdu zuen beti nekeza gertatzen den San Mamesen. Athletic nagusi izan zen, baina armaginek ez zuten hainbesteko zigorrik merezi izan.
Ezin hobeto hasi zen partida Mendilibarren taldearentzat. 4. minutuan Kekok pase bikaina egin zion Capari eta horrek bizkortasunez aurrera egin eta erdiratu zuen. Sergi Enrichek baloia pasatzen utzi eta Borja Bastónek, bakar-bakarrik, Herrerín gainditu zuen.
Eibarrek futbol dotorea egin eta nagusitzen hasi zen. Athletic, aldiz, gero eta urduriago zegoen, baina 13. minutuan, Aritz Aduriz agertu zen, bolea ikusgarri batekin neurketa berdintzeko. Momentu horretan, Iván Ramisek iskiotibialetan arazoak zituen eta Eibarreko defentsa ahulduta zegoen. Horregatik, golaren ostean Pantic sartu zen Mallorcakoaren ordez.
Handik bederatzi minutura, Saúl Berjónek 1-2koa izan zuen bere oinetan, baina baloia langara bidali zuen Herrerínen aurrean bakarrik geratu eta gero.
Athleticek, ordea, ez zituen aukerak alferrik galdu. 27. minutuan Beñatek kornerra atera eta Sabin Merinok oztoporik gabe, buruz, errematea sare barrura bidali zuen. Atsedenaldira iritsi baino lehen, zurigorriek, berriro ere geldikako jokaldi batean, aldea are gehiago zabaldu zuten. Beñatek falta atera eta Laportek ia oztoporik gabe, barrura errematatu zuen.
Eibar ez zen kikildu eta bigarren zatia hasi bezain laster, 49. minutuan, saria aurkitu zuen. Aymeric Laportek Keko Gontán nekagaitzari area barruan egin zion falta eta Borja Bastónek maisutasunez sartu zuen penaltia. Hala, Ligako bere hamalaugarren gola lortu zuen.
Hiru minutu baino ez zituen behar izan Adurizek, ezkerrez, beste bolea dotore baten bitartez 4-2koa egiteko.
Eibarrek ez zuen etsi, baina ez zen gai Athletic mendean hartzeko eta partidak beheranzko joera hartu zuen, intentsitatea galduta.
Orduan iritsi zen 5-2koa. Mauro Dos Santosek Lekueren erdiraketa bat urruntzen saiatu zen eta bere atean egin zuen gola 80. minutuan. Gehiegizko zigorra zen Eibarrentzat.
Azken minutuan, Kekok aldea murrizteko aukera izan zuen, baloia loratuz. Ez zen gehiagorako denbora izan. Esku hutsik itzuli arren, zale armagin mordoak norgehiagoka eder batez gozatzeko aukera izan zuen, zazpi gol ikusi baitzituzten. Gainera, Eibarrek abaguneak izan zituen eta ez zuen etsi.