Gaizka Garitano: "Lehen jardunaldian partida ona egin genuen eta errepikatzen saiatu behar dugu"
“Ipuruan egiten dugun jokoa egin behar dugu", azpimarratu du entrenatzaile armaginak
Ponferradinaren aurkako partida aurreko prentsaurrekoan, armaginen entrenatzaileak azpimarratu du "lehen jardunaldian partida ona egin genuen eta jarraikortasun bat eman nahi diogu".
PARTIDUA PRESTATZEKO DENBORA
“Aste luzea izan da, lan egiteko ondo. Jendea berreskuratzeko edo beranduago iritsi direnak hobeto egoteko aukera ere eman digu”.
IPURUA
“Etxetik kanpo ere gustora ibiltzen gara baina etxean ezin gustorago, gure jendearen aurrean. Lehen jardunaldian partida ona egin genuen eta ea errepikatzen dugun arerio zail baten aurka”.
SD PONFERRADINA
“Bi partida oso on egin dute. Gainera, fitxaketa aldetik ere oso talde ona egin dute. Jokatzeko era ere aldatu dute, konbinatiboagoak dira orain eta erasoan ere min egiten duen jende ona dute”.
PARTIDA MOTA
“Erasora jokatzen dugun bi talde gara eta partida irekia izango dela ematen du. Ponferradinak erakutsi du azken bi partidatan gola nahiko erraz egiten dutela eta ikusita zelai erditik aurrera zein jokalari dituzten, pentsatu daiteke partida irekia izango dela eta garrantzitsua izango da defentsa lanetan ondo egotea”.
“Erritmo handia eman behar diogu biharko partidari, baloia izan behar dugu eta intentsitate altua izan behar dugu baloirik gabe”. “Ipuruan egiten dugun jokoa egin behar dugu eta kontu handia izan behar dugu".
TALDEAREN IBILBIDEA
“Goiko postuetan egon nahi baduzu etxeko partidak aurrera atera behar dira. Hasieran gaude eta orain sailkapenari ez zaio asko begiratu behar. Guk gurea, partida on bat egiten saiatu behar dugu eta jarraikortasun bat eman egiten ari garen lanari”.
TALDEAREKIKO SENTSAZIOAK
“Gustora nago eguneroko lanean. Ekarri ditugunak prest beti lanerako eta taldeari laguntzeko eta genituenak ere bai. Alde horretatik, talde polita egin dugu, egunerokoan erraza eta oso langilea”. “Gauza hobetzeko daude baina gauza onak ere ikusi dira eta jarraikortasun hori eman behar diogu gauza on horiei eta gauza txarrak zuzendu”.